Ekintzaileei zuzenduriko dirulaguntzen ebazpena kaleratu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 17a, 08:11

Merkataritza lokal hutsetan jarduera ekonomiko berri bat abiarazteko nahiz Kabiene elkarlan gunean urtebeteko egonaldiak diruz laguntzen dituen lerroari lotutako deialdien ebazpenak kaleratu ditu Usurbilgo Udalak.

Merkataritza lokal hutsetan jarduera ekonomiko berri bat abiarazteko dirulaguntza lerroa
Jarduera ekonomiko berriak sustatzeko Usurbilgo Udalaren dirulaguntza lerroak lokal hutsak biziberritzea laguntzen du. Gehienez 5.500 euro hasierako gastuetarako; gehienez 300 euro hilero alokairua lehen urtean ordaintzeko, gehienez 200 euro bigarren urterako. Lehentasuna izan ohi dute herritarrei eskaintzen ez zaizkien zerbitzuekin lotura duten proiektuek. Baita ixtera doazen edo itxi berriak izan diren jardueren jarraipenekoak diren proiektuek.

Eskaerak jasotzeko deialdia bi epetan bereizi zuen Udalak. Martxoaren 8tik maiatzaren 31ra arte inork ez zuen eskabiderik aurkeztu, Usurbilgo Udalak ostegun honetako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ohartarazi duenez. Ekaina hasieratik irailaren 30era arte bai, bakarra; Bordaberri 5ean kokatua dagoen "Ondo Jan, Ondo Bizi" Kebab tabernakoena. 5.500 euroko laguntza jasoko du hasierako gastuetarako eta bi urteetarako alokairu laguntza; 300 euro hilean lehen urtean, 200 euro hilero bigarren urtean. Behin-behineko ebazpena da honakoa, 10 eguneko alegazio epea zabalduko da bihartik, azaroaren 18tik aurrera. Informazio gehiagorako: azaroaren 17ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.

Hasiz Hazi Beka
Proiektu bat garatzen ari diren Beterri-Buruntzako ekintzaileei Kabienen urtebeteko egonaldia egitea ahalbidetzen dien beka deialdia da Hasiz Hazi. "Dirulaguntza honen bitartez enpresa proiektu berri bat garatzen ari diren pertsonei edo JEZ alta emanda egon eta lan egiteko leku bat behar duten pertsonei urtebeteko egonaldia ordainduko zaio Kabiene elkarteak duen elkarlan-gunean, lanerako espazio bat ez ezik, baliabideak eta esperientziak partekatzeko leku bat izan dezaten". Gehieneko zenbatekoa, 1089 eurokoa da.

Lokal hutsak biziberritzeko laguntza lerroaren kasuan bezalaxe, Hasiz Hazi beka deialdira eskabideak aurkezteko bi epe finkatu zituen Udalak: lehenengoa martxoaren 8tik maiatzaren 31ra, bigarrena ekainaren 1etik irailaren 30era. Uda garai horretan bi laguntza eskaera berri jaso zituen Udalak. Hirugarren bat baita, Kabienen bigarren urteko egonaldirako, "Hasiz Hazi oinarrietako 6. artikuluan zehazten den eskubidea baliatuz". Hiru eskabide beraz guztira, Usurbilgo Udalak ostegun honetako, azaroaren 17ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean berri eman duenez.