Izan Iñurri elkartekoen podcast-a astelehenean, minbiziaz taburik gabe jarduteko

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 19a, 08:07

Izan Iñurri elkarteak ekitaldia antolatu du astelehen honetan Sutegin.

"Tabuen Kutxatik Oholtzara" proiektu solidarioa aurkeztu zuten Izan Iñurri elkarteak apirila amaieran jendetsua izan zen Aginagako Eliza Zaharreko bertso-saio musikatuan, "minbizia modu batera edo bestera jasatea tokatu zaienei laguntzeko eta gizartea sentsibilizatzeko... gaixotasunak inposatzen duen isiltasuna hautsiz, mamuak zokoratuz eta tabu diren gaiak azaleratuz. Minbiziari besarkada potolo bat eman nahiko genioke", zioten.

Bueltan dator aipatu elkarte solidarioa, oraingo honetan Sutegira, astelehen honetan, azaroaren 21ean, iluntzeko 20:00etan. "Minbizia lehen pertsonan bizi izan duten pertsonei ahotsa eman nahi diegu eta bere garaian diagnosia jaso genuenean entzutea gustatuko litzaigukeen podcast-a egin dugu". Hitzorduan adituek parte hartuko dute, "baita minbizia lehen pertsonan bizi duten pertsona talde zoragarri" batek ere. "Aukera desberdinak ikusarazi nahi ditugu, eta gure egunerokotasunaren parte den eta isilegi dagoen gaixotasun honen itzalak argiztatu", iragarri dute.

Ekitaldirako gonbidapenak usurbilkultura.eus plataforman eskura ditzakezue. Izan Iñurri elkarteak antolatu du hitzordua. "Inurri, intsektu txiki eta nekaezin talde bat gara, minbiziaren akonpainamendu eta formazioan lanean dihardugu, ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik". Elkarteari buruzko informazio gehiago hemen: izaniñurri.com