Gogotik egingo du euria asteburuan. Prezipitazio iraunkorragatik abisu horia izango da indarrean, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez; ostiral eguerdian hasi eta larunbat eguerdiko 12:00ak arte. "Gipuzkoan 24 orduan 60 l/m² baino gehiago pila daitezke, bereziki ekialdeko zenbait tokitan. Bestalde, Kantauri isurialdeko gainerako lekuetan 40-60 l/m² artean pila daitezke eta Mediterraneo isurialdean 5-20 l/m² pila daitezke".
Usurbilen, ekaitz giroa izango dugu datozen orduotan. "Zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da eta zaparrada txiki-ertainak botako ditu, egunaren bigarren partean sarriago. Trumoi-ekaitzak izan daitezke. Arratsaldean gau-partean txingorra bota dezake. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin. Tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira".
Larunbatean, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, sarriago egunaren lehen partean. Gauean atertuko du. Goizaldean eta goizean goiz trumoi-ekaitzak izan daitezke eta txingorra bota dezake. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin egunaren lehen partean. Gauean hego-mendebaldetik finkatuko da. Tenperatura gutxi jaitsiko da".
Euritan segiko du igandean. "Zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da, egunaren bigarren partean goi-hodeiak nagusituko dira. Egunaren lehenengo zatian euri txikia egingo du, zenbait lekutan ertaina. Arratsalde-gau partean atertuko du. Mendebal-osagaiko haizea ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin haizeguneetan; goizaldean, goizean goiz eta egunaren amaieran hego-mendebaldeko haizea nagusituko da, egunaren erdiko orduetan ipar-mendebaldeko haizea nagusituko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira eta maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".
Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus