Usurbilgo Euskara Aholku Taldeak Hikastea antolatu zuen iazko abenduan. Era askotako ekintzak prestatu ziren egun horietarako propio: hitzaldi bat, lehiaketa bat, hikodromoa eta kontzertu bat. “Edozein (h)ikaratzeko moduko egitaraua” zela esan zen. Aurten antzeko proposamenik egiteko asmorik al duzue?
Hitanoa sustatzeko nahia aspaldikoa dugu, eta iaz oinarria jarri besterik ez genuen egin. Zuk aipatutakoez gain, besteak beste, patrikarako liburuxka kaleratu genuen, eta iruditzen zaigu horrek helduleku aparta eman digula hutsetik abiatu edota ditugun beldur eta zalantzak uxatzen hasteko.
Hala, aurten hari tiraka segitzea da helburua, eta horretarako, Euskaraldiarekin batera ‘Hikaldia’ antolatu dugu. Hika aritu nahi duenari ‘H’ arrosa jarriko diogu Euskaraldiko txapan, eta, hartara, solaskideari hika aritzeko prest dagoela adieraziko dio, menperatu ala ez.
Hikaldian parte hartu nahi duenak hikaldia.eus atarian eman dezake izena.
OXKAR SANTAMARIA
“Hika aritu nahi duenari ‘H’ arrosa jarriko diogu Euskaraldiko txapan, eta, hartara, solaskideari hika aritzeko prest dagoela adieraziko dio, menperatu ala ez”
Hikaldia Euskaraldiaren egunetan egiten bada, biak sinkronizatzeko asmoa izango duzuela ondorioztatu dezakegu. Beraz, Usurbilgo Euskaraldiaren egitarauaren bereizgarrietako bat hori izango da, ezta?
Hori da, bai. Bereizgarria baino pizgarria izatea nahi dugu. Berriki egin dituzte publiko Usurbilgo hitanoaren erabileraren datuak, eta nabarmena da joera beherakoa dela, alegia, gero eta gutxiago egiten dela gurean. Horregatik, eta ikasteko grina egon badagoela jakinik, jendeari bultzadatxoa ematea gustatuko litzaiguke, transmisioaren haria ez dadin eten.
“Hitanoa, hizkuntzaren bereizgarri zoragarri hau hauspotu nahi dugu”
Hikarekiko interesa beste lurralde batzuetara zabaltzen hasi dela dirudi. Aurtengo Euskaraldiaren aitzakian, Goierriko gazteek elkarri hika erakutsiko diete eta, bide batez, euskararen inguruan saretuko dira.
Oso pozgarria da hizkuntzaren ezagutza eta erabileraren inguruko kezkak elkarlanerako aukerak ere sortu dituelako hala.
Hikaldia Oiartzunen, Azpeitian, Oñatin eta Goierrin ere egingo dute guk dakigula behintzat, eta horrek ariketa hedatzen eta haren eragina biderkatzen lagunduko digu, ziur.
Bai, esanguratsua beste herrietara kezka sortu izana, eta zentzu horretan... Gurean datuek okerrera egin dute... Belaunaldi berriek ez dute...
Lehen esan bezala, esanguratsua da hitanoaren transmisioan eta erabileran izan den atzerakada. Etena gertatu da esparru askotan, eta, esa–terako, egun oso gutxi dira noka aritzen direnak.
Hizkuntzaren bereizgarri zoragarri hau hauspotu nahi dugu, hizkuntza bezain geurea dugulako.
“Norbanako zein entitateen beharra du Euskaraldiak arrakastatsua izan dadin”
Duela urtebete ‘Patrikarako hitanoa’ liburuxka plazaratu zuen Usurbilgo Udalak. Zer nolako harrera izan du? Honi lotuta, liburuxka eskuratzeko interesa duenak non eskura dezake?
Harrera ona izan duela ematen du, bai. Asko dira aldeko komentarioak egin dizkigutenak. Azken batean, jendeak, oro har, oso gertu sentitzen duen zerbait dela uste dugu, eta liburuxkak nolabaiteko babesa eman diela.
Liburuxka bera Usurbilgo Udalaren webgunean dago eskegita, baina fisikoki ere banatzen jarraituko dugu. Nahi duena Euskaraldiko batzordearekin jar liteke zuzenean harremanetan, eta, bestela, izen-emateak sustatzeko jarriko ditugun mahaietan ere banatuko ditugu.
OXKAR SANTAMARIA
“Patrikarako hitanoa liburuxkak harrera ona izan zuen. Asko dira aldeko komentarioak egin dizkigutenak”
Sentsibilizazio kanpaina honi lotuta omen dago ‘H’ itsasgarriaren kanpaina. Honi buruzko xehetasunik emango al zenigukete?
Aurrez aipatu bezala, Hikaldiaren bereizgarria izango da ‘H’ itsasgarria. Hikaldian parte hartzen duenak Euskaraldiko bere rolaz gain, hika aritzeko prest dagoela adieraziko dio solaskideari. Hala, toka eta noka aritzeko ohituretan ere eragin nahi dugu, zukatik hikarako saltoa egin dezan horretarako gogoz dagoenak.
Ahobizi, Belarriprest eta entitate gisa izena emateko epea zabalik da. Oraindik Euskaraldian parte hartzeko pausoa eman ez duenari zer esango zenioke?
Animatzeko. Argi izan behar dugu Euskaraldia ariketa dela, eta, beraz, parte hartzen duenak hura betetzeko konpromisoa hartzen duela. Hori esanda, argi dago hizkuntzaren erabileran eraginda euskararen normalkuntzan beste urrats bat emateko moduan izango garela. Norbanako zein entitateen beharra du Euskaraldiak arrakastatsua izan dadin, eta uste dugu Usurbilen horretarako nahia eta gaia badagoela.
“Jendeari, herrira etorri ahala, euskararatzeko aukera ematea da Udalaren helburua”
Euskara ikasteko aukera ugari daude. Udalak etorri berrientzat zein jubilatuentzat udal ikastaro bat iragarri du. Aurreko astean amaitu zen izen-ematea. Zer nolako harrera izan du?
Harrera bikaina izan da. Jubilatuen taldea hamalau bat lagunek osatzen dute, eta, etorri berriena, berriz, hamar inguruk. Lehena dagoeneko egonkortu da, eta oso albiste pozgarria da hori, dinamika polita sortu den seinale baita. Etorri berrien taldea hasiberria dugu, baina ikusi besterik ez dago hasi orduko zenbat lagunek eman duten izena. Ateak zabalik izango ditu ikasturte osoan zehar; izan ere, jendeari etorri ahala euskararatzeko aukera ematea da Udalaren helburua.