Euskaraldia

Jone Alduntzin, Belarriprest: “Koherente izan nahi dut neure buruarekin”

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 19a, 08:21

Euskal Herria Ahobizi eta Belarriprestez bete da. Usurbilen ere jendea txapa paparrean jarrita ikusteko aukera izango da egunotan. Jone Alduntzin herritarra orain arte Ahobizi izan da, baina orain rola aldatu eta Belarriprest txaparekin agertuko da. Aldaketa horren nondik-norakoen berri eman digu elkarrizketa honen bidez.

 

Euskalduna zaitugu, baina aurten Euskaraldian Belarriprest izatea erabaki duzu. Nolatan hori?

Jone Alduntzin: Nire egunerokotasunean baditut eremu batzuk erabat euskaldunak ez direnak. Inguru erdaldunetan ere ibili behar izaten dut, bai eta nazioartekoagoan ere. Eremu profesionalean, batez ere. Nire ama-hizkuntza euskara da eta euskaraz hitz egiten dut, baina eremu batzuetan euskara ez zait atera ere egiten. Eremu horietan saiatu ere ez naiz egiten. Beraz, Belarriprest hautatzea logikoagoa iruditu zait, Ahobizik eskatzen dituen bete beharreko puntu horiek ez ditudalako betetzen. Eremu profesional horretan norbaitek Belarriprest txapa ikusten badit, agian, euskaraz hitz egitera animatuko da eta hori bilatzen dut. Belarripresten beste profil bat erakutsi nahi dut, rol hori ez lotzeko soilik euskaldun berriari.

JONE ALDUNTZIN

“Eremu profesionalean, norbaitek Belarriprest txapa ikusten badit, agian euskaraz hitz egitera animatuko da”

Aurreko bi edizioetan ere belarriprest izan zinen?

Ahobizi izan nintzen aurreko bietan. Aurten, lanean hasi naizenetik antzeman dut aldaketarik handiena nire hizkuntza ohituretan eta horregatik aldaketa. Unibertsitatean ere batzuetan euskaraz egiten dut eta besteetan gazteleraz. Zentzu horretan nahiko esleituta daukat norekin egin hizkuntza batean eta norekin bestean. Ahobizik lehen hitza beti euskaraz egitea eskatzen du edo hori da rol horren zeregin nagusia eta nik esfortzu hori ez dut egiten askotan. Euskaraz ondo egiten dudalako eta euskaldun zaharra naizelako ez dut zertan Ahobizi izan beharrik. Koherente izan nahi dut neure buruarekin.

 

Eremu profesionaletik kanpo, zein eremutan egiten zaizu zailen euskaraz egitea lehen hitz hori?

Normalean ezagutzen ez ditudan pertsonekin aurreiritziekin jokatzen dut. Euskaldun itxura hartzen badiot euskaraz hasteko joera dut. “Kaixo edo aupa” bat beti esaten dut, baina orain Txiriboga tabernan lan egiten dut eta hor normalean jakiten dut zeintzuk diren euskaldunak eta zeintzuk erdaldunak. Ez dakidanean nola hitz egiten duen, kaixo esaten dut, baina gero gaztelerara jotzen dut askotan. Hala ere, antzematen badut euskalduna dela euskaraz egiten diot. Ez dut neure burua presionatzen euskaraz egitera beti bai edo bai.

 

“Zirrara sortzen du gutxien espero duzun lekuetan jendea Euskaraldiaren txapa soinean duela ikusteak”

Ahobizi eraman duzun aurreko bi edizioetan rol hori behar bezala bete duzu?

Jone Alduntzin: Saiakera bat denok egiten dugula uste dut. Kontzientziazio hori sortzen du eta Euskaraldia dela badakigunez, ahalik eta ondoen egiten saiatzen gara. Nik nabaritu nuen aldaketa hori nire baitan.

 

Aurtengo edizioan zer espero duzu?

Euskaraldia ekimen jendetsua da eta zeresana ematen du. Gure inguruan ez da horrenbeste nabaritu orain arte guk beti euskaraz egiten dugulako. Ilusioa egiten du herritik kanpo edo beste eremu batzuetan jendea txapa jarrita ikusteak. Ikusgarri egiten du jendeak euskara erabiltzen duen edo badakien eta zirrara sortzen du gutxien espero duzun lekuetan eta  pertsonengan txapa jarrita ikusteak. Nik neure eremuan ez dut horrenbesteko aldaketarik nabaritu, baina bai unibertsitateko irakasleengan, esaterako.

Ikuspegi zabalago batetik bai ikusi ditut aldaketak, baina neure eremu horretan gutxiago.