Euskaraldia

Ugaitz Agirre, Ahobizi: “Euskaraldiaren txapa identifikaziorako tresna ederra da”

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 19a, 08:29

Ezaguna da Ugaitz Agirre idazlea herrian eta zenbaitek euskara jatorra erabiltzearekin lotuko du zuzenean. Euskaraldia gainean da eta idazlearekin izan gara horren gainean dituen usteak eta irudipenak biltzeko.

Euskal hiztun eta idazle ere bazara. Ahobizi txaparekin ikusiko zaitugu aurtengo Euskaraldian ere?

Ugaitz Agirre: Orain arte ez dut pentsatu bat edo beste izango naizen. Ziur aski inertziaz Ahobizi aukeratuko dut. Euskaraz hitz egiten dut nire egunerokotasunean eta hiztunaren arabera erabakitzen dut euskaraz edo erdaraz egin. Euskaraz hitz egitera animatzen bada euskaraz egiten diot eta ez badu bere burua prest ikusten, berriz, erdaraz egiten dugu.

 

Lehen hitza beti euskaraz egitearen konpromisoa hartuko duzu. Non edo noiz egiten zaizu zailena konpromiso horri eustea?

Zaila izaten da askotan ezagutzen ez duzun lekuan eta ezagutzen ez dituzun pertsonekin nola hasi erabakitzea. “Arrotz” sentitzen naizen leku horietan zaila da lehen hitza euskaraz egitea. Seinaleak beti egoten dira jakiteko lekua edo giroa euskalduna den edo euskaltzalea behintzat. Kaixo batekin ekiten diot beti elkarrizketari eta hortik aurrerakoa bestearen esku uzten dut. Mantsoago hitz egin behar bada edo elebidunez ez dago inolako arazorik. Beste batzuetan ez da inolako seinalerik egoten giroa nolakoa den jakiteko eta hor saiatzen naiz geroz eta gehiago lehen hitza euskaraz egiten, baina beti ez da erraza. Kontzientziazio hori badut hizkuntzarekiko, baina onartu beharra daukat batzuetan alferkeriaren ondorioz erdarara ere jotzen dudala azaldu dudan azken kasu horretan edo antzeko egoeratan.

 

Txapa jarrita eraman duzun momentu horietan rol hori behar bezala bete duzu?

Baietz esango nuke. Bigarren edizioa egin zenean askoz ere errazagoa egin zitzaidan rola behar bezala betetzea, pandemiaren ondorioz herritik ezin ginen atera ere egin edo justu-justu ondoko herritara joan gintezkeen. Usurbilen dena euskaraz hitz egitea nahiko erraza da ez dakitenek ere ulertzen dutelako. Ni mugitzen naizen eremuetan behintzat hala da. Lagunei, ordea, entzun izan diet zaila dela lantegi askotan euskara hutsean aritzea leku askotako jendea egoten delako. Nik zailena unibertsitatean izan nuen doktoretzarekin nenbilela irakasle bat baineukan euskaraz ez zekiena, doktoretzako tutorea, hain zuzen. Txapa identifikaziorako tresna ederra da, baina Euskaralditik kanpo txaparik ikusten ez dugunean esfortzu bera egiten saiatzen ez bagara alferrikakoa da.

 

“Euskara irakaslea naiz eta hor ere beste rol bat dut”

Euskaraldiak hausnarketaren bat egitera bultzatu al zaitu?

Ugaitz Agirre: Lehen edizio hartan hausnartu nuela esango nuke. Galdeketa bat bete behar zen. Euskaraldia bukatu eta handik hilabete batzuetara galdeketa egin behar zen eta pauta batzuk ere ematen zituen dokumentu hark egunerokotasunean hizkuntza ohitura horiek aldatzeko. Bigarren edizioaz gogoratzeko ere arazoak ditut, pandemia garai arraro haietan. Inertziaz egin nuen urte hartan, ekimena mantentze aldera.

 

Zer sentiarazten dizu kalean jende txapa jarrita ikusteak?

Aurreko edizioek ez naute gehiegi harrapatu Usurbildik kanpo, eta beraz, sorpresa gutxi eraman ditut. Aurten, agian, ez nau horrenbeste denboraz herrian harrapatuko eta aukera gehiago izango dut beste leku batzuetako egoera ikusteko. Euskara irakasle lanetan nabil eta hor beste rol bat ere badut. Jendea euskara ikasi nahian dabil gero erabiltzeko asmoz eta hori bultzatzea nire lana da.

Bestetik, eta hau nire iritzia da, pixkanaka gaztelerari gure elkarrizketetan sartzen uzten badiogu ez da atzera bueltarik izango. Hitz batekin hasi, esaldi batekin jarraitu eta pixkanaka gaztelera hutsean hitz egitera iritsiko gara modu horretan. Hori erabat ekiditen saiatzen naiz, eta ez Euskaraldiaren baitan bakarrik, baizik eta egunerokotasunean. Euskaltzale izan eta inguru euskaldun batean bizita, iruditzen zait hori dela egin beharrekoa.