Euskaraldian ari zara entitateekin lanean, baina zer egiten duzu zehazki?
Xuban Zubiria: Entitateen arloan ariguneak are eta gehiago zabaltzen ari gara. Aurreko edizioan martxan jarri ziren, baina pandemia garaia zen eta ia etxetik atera ezinda egon ginen. Beraz, zaildu egin zen lanketa. Ariguneak sortuta entitateen barruan euskaraz lasai aritzeko espazioak sortu nahi ditugu. Badu beste helburu bat ere, norbanako gisa Euskaraldira gerturatzea zaila duten pertsonei ariguneen bidez Euskaraldian parte hartzeko aukera eman nahi diegu. Ulertzen duten horiek euren enpresetan ere aukera izan dezaten euskaraz aritzeko eta pixkanaka normalizatzeko. Euskal Herri osoan egiten den ekimena izanik, enpresa askotan jendeak euskaraz aritzeko aukera du, baina etxean ez. Modu honetara lortzen dugu zailtasunak dituzten horiek ere euskarara hurbiltzea eta euskara zabaltzea.
XUBAN ZUBIRIA
“Ariguneak sortuta, entitateen barruan euskaraz lasai aritzeko espazioak sortu nahi ditugu”
Zein funtzio betetzen dute ariguneek Euskaraldian?
Ariguneak bigarren edizioan sortu ziren, baina lehenengoan ez zeuden. Hausnarketa hau etorri zen ikusi genuenean norbanakoek parte hartzen zutela, baina enpresetan falta zela lotura hori. Batzuetan norbanako modura izena ematean gertatzen da enpresan inertziaz erdarara jotzeko joera hori. 24 orduz egin beharreko ariketa da Euskaraldiak proposatzen duena eta egunero 8 bat orduz lantegian egon behar badugu, ez du zentzu handirik ariketa egitea lanetik kanpo, baina bertan ez. Ariguneak ezinbestekoak dira ariketa hori 24 orduz mantenduko bada.
“Ekidin nahi duguna da Euskaraldia lanera mugatutako ekimena izatea”
Entitateez ari garenean, neurri eta maila guztietako enpresez eta elkarteez ari gara?
Entitateak entzuten dugunean enpresa handiak datozkigu burura eta lantegi industrialak, baina entitate kontzeptua hori baino askoz zabalagoa da. Entitateak izan daitezke Fagor enpresatik hasi eta Usurbil FTn amaituta. Lanketa bide ugari ireki ditugu ezberdintasun horiei aurre egiteko. Uda hasieran martxan jarri genuen lanketa Eroski edo Kutxabankek dituen egoitza guztiak kudeatu ahal izateko. Momentu honetan denetik daukagu: kirol taldeak, ikastetxeak… Behin izena eman ondoren, material asko sortu dugu. Ikastetxeentzat bideotutorialak sortu ditugu 16 urtetik gorako ikasleekin eta ikastetxeko langileekin partekatzeko. Kirol taldeekin ere bideotutorial bereziak sortu ditugu eta enpresa handiagoekin denetariko bideak erabili ditugu sindikatuen bidez eta mota guztietako eragileekin. Ekidin nahi duguna da Euskaraldia lanera mugatutako ekimena izatea. Aisialditik zein hezkuntzatik eta bestelako taldeetatik zabaldu nahi dugu (urriaren 31ra bitarteko epea zegoen izen emate hori ahalik eta zabalena izateko).
Xuban Zubiria: “Kantitateari baino kalitateari eman nahi diogu garrantzia”
Gipuzkoa herrialderik euskaldunenetarikoa izan daiteke, baina baditugu horren euskaldunak ez diren herrialdeak ere. Denetara iristea lortzen ari al zarete?
Lanketa nazionala denez, herrialde bakoitzaren erritmoetara moldatzen saiatzen gara. Araban euskara elkarte asko daude eta horiek ari dira lanketa egiten. Euskara edo euskaltzaletasuna ahulago dagoen lekuetan lekuko batzordeek dute garrantzia handiena. Koordinazioa Batzorde Orokorretik saiatzen gara zazpi lurraldeetara iristen eta ahulago dauden leku horietan herri batzordeekin lana are eta handiagoa zailtasunak ere handiagoak direlako haientzat eta errazago hel diezaioten Euskaraldiari.
XUBAN ZUBIRIA
“Ariketak funtzionatuko badu, kalean txapak ikusi beharko ditugu. Izen eman dezatela orain arte parte hartu ez dutenek eta berretsi dezatela aurreko edizioetan hala egin zutenek”
Nolako erantzuna izaten ari dira entitateak?
Hirugarren edizioa denez, badakigu nola neurtu erantzun hori. Jendeak emaitza kuantitatiboei begiratzen die, hau da, zenbakiei erreparatzen die. Guk garrantzia zenbakiei baino kalitateari eman nahi diogu. Kantitatea izugarria izanda ere, rolak behar bezala mantentzea da garrantzitsuena.
Oraindik ez dauzkagu datu kuantitatibo horiek, baina ikusita zenbat batzorde sortu diren herrietan eta martxan jarri direla lanketa berezituak, badirudi indartsu jarraitzen duela Euskaraldiaren espirituak eta ahalegina egiten ari gara azken egun hauetan. Ariketak funtzionatuko badu, kalean txapak ikusi beharko ditugu. Izen eman dezatela orain arte parte hartu ez dutenek eta berretsi dezatela aurreko edizioetan hala egin zutenek ariketa honek jarrai dezan eta ariketak egiten jarrai dezan. Datuekin ez gaude obsesionatuta, baina saiatu nahi dugu bide guztietatik ahalik eta jende gehien anima dadin kalean txapak izan eta ariketa behar bezala egin dadin.
“Saiakera berezia egin nahi dugu jendeak etxeetan banderatxoak jartzeko”
Nolako Euskaraldia espero duzue aurten?
Espero duguna da kaleak hartzea, lehen edizioan ikusi zen bezala.
Bi asteren faltan, ekimen ugari egingo dira herrietan girotze-lana egiteko eta azaroaren 18ko astebururako txapak kalera ateratzeko. Pandemian etxean egoteak harremantzeko zailtasunak sortu zizkigun aurreko edizioan eta oso zaila izan zen ariketa egitea. Zer esanik ez ariguneen kasuan enpresa ugari itxita zeudela. Oraingo honetan enpresetan ariguneak lanean ikusi nahi ditugu eta ea aukera daukagun enpresetan ariketa behar bezala egiteko.
Euskaraldiari lotutako ‘merchandisinga’ izango al da aurten? Kamisetak, jertseak, banderatxoak...
Informazioa nahi duen jendeak webgunean eskuragarri du informazioa eta bertan kamiseta eta bestelako produktuak eskuratzeko aukera ere izango da. Saiakera berezia egin nahi dugu jendeak etxeetan banderatxoak jartzeko.
Herriko batzordearekin harremanetan jar daitezela bandera nahi dutenek eta ea kalea girotzen dugun eta ariketa indartsu bat egiten dugun.