"Jantzi txapak, gora bihotzak: Hitzez ekiteko garaia hasi da!". Eta orain, "15 egun ditugu hitza ekintza bihurtuta, lorpen berriak izateko". Hala dio Euskaraldiaren manifestuak. Abiatu berri den bi asteko ariketa kolektibora begirako adierazpena plazaratu du ekimena Usurbilen sustatzen ari den herri batzordeak, ostiral iluntze honetako hasiera ekitaldian. Segidan duzue osorik.
EUSKARALDIA. HITZEZ EKITEKO GARAIA.
Hitza, elea, berba.
Hitza da komunikatzeko dugun tresnarik indartsuena. Hitzarekin azaltzen dugu nor garen, zer
nahi dugun eta nora goazen. Hitzez osatzen dugu gure memoria eta amesten gure etorkizuna.
Hitza eskainiz eta hitza eskatuz jokatzen dugu ahobizi edo belarriprest. Hitzekin eraiki ditzakegu zubiak, josten ditugu sareak. Hitzez sentitzen gara komunitate. Hitzarekin elkar eragiten dugu.
Hitza eraikitzeko, hitza ehuntzeko, hitza harresiak botatzeko, hitza funtzioak berreskuratzeko,
hitza irabazteko.
Hitza elkarri esateko, ahobiziak belarriprestari eta belarriprestak ahobiziari.
15 egunetan hitzez arakatuko ditugu ezezagunak zaizkigun territorio berriak.
Ekintza, ekimena, ekina
Ekintza da motibazioa gauzatzeko tresna, nahi dugun hori errealitate bihurtzeko baliabidea.
Ekimenen bidez piztu dugu komunitatea, mantendu dugu sua bizirik. Ekinez lortuko dugu
kalea irabaztea.
Ekintza-herria gara, milaka lagun mugiarazi eta auzolanean aritzeko gaitasuna duen herria.
Auzoz auzo, herriz herri, jendea batu eta ekimen-olatua antola dezakeen komunitatea da
gurea. Milaka lagun, milaka boluntario, ekintzak lotuta.
Ekinaren ekinez irabazten ditugu espazioak, babesguneak, ariguneak. Ekinez egingo ditugu
gure elkarte, enpresa eta erakundeak euskararentzako abegikor.
Ekintza harreman-sareak ugaritzeko, ekimena ohiturak aldatzeko, ekina inertziak astintzeko.
Garaia, aroa, aldia
Hautuak harrotasunez erakutsi eta probatzeko garaia da Euskaraldia. Txapak jarrita ingurukoei
gure nahia erakusteko garaia.
Garaia da urrats sendoak emateko, hautu pertsonal eta kolektiboak gehituz bide berriak urratu
eta ohiturak zein joko-arauak aldatzeko.
Garaia orain ere bada, edozein momentu da egokia, baina garai hau da abagunea. Babesturik, taldean, batera aritzeko aroa da Euskaraldia.
Hitzez ekiteko gonbidapena da hau. 15 egun ditugu hitza ekintza bihurtuta, lorpen berriak
izateko. Lorpen txiki, ertain eta handiak. Milaka, milioika lorpen. Lorpen askoren gehiketarekin
aldatuko baititugu gizartearen inertziak ere.
Hitzak mugitzeko eta mugiarazteko boterea du. Hitzez ekinez gu geu mugituko gara eta gure
ingurukoak mugiaraziko ditugu, baita mugiezinak diruditenak ere.
Eutsi hitzari, bultza ekimenarekin, orain da garaia!
Jantzi txapak, gora bihotzak: Hitzez ekiteko garaia hasi da!
Euskal Herrian, 2022ko azaroaren 17an