Euskarari gorazarre eginez, dantzan, bertsotan eta abesten eman diote ongi etorria bi astez, ehunka lagun ariketa kolektibo berean murgilaraziko dituen ekimenari. Euskaraldia hasi da. Belarriprest, Ahobizi, eta ariguneak osatuta eta martxan, euskara ahotan hartzeko konpromisoa bideratuko dute denek datozen bi asteotan.
Indarra hartzeko, motibatzeko ekitaldia izan da ostiral iluntzean frontoian ospatu dena. Aipatu moduan, sortzaileen herria izanik, herri eragile ezberdinak bildu dituen hasiera ekitaldia egin dute. Orbeldi dantza taldearen laguntzaz, Euskaraldiko abestiaren koreografia prestatu eta plazaratu dute. Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak euskarari abestu dio, tartean, lehenbizi bertsotan eta gero Iñorkiñak taldeko kide Mikel Alkortak eta Ixak Arrutik musikatu duten Xabier Iraola herrikideak sortutako kanta abestu dute. Orbeldi, Kantu Taldea eta Zumarte Musika Eskolakoak batu dituen hitzordua, aipatu herriko talde den Iñorkiñak-ekoek pilotalekua blaitu duten erromeria giroarekin borobildu dute.
"Usurbil bizi eta prest"
Musika eta hitzak: Xabier Iraola.
Euskaraldia 2022. Usurbil.
Azaroaren hemezortzia
iritsi zaigu aukeran
Euskararekin topa gaitezen
etxe ta kalean.
Abenduaren bia izanik
txanda honetan helmuga
aukera ederra benetan denik
ez dezagun uka
Euskaraldia
Gure euskera maitia
Ahoz aho erabiltzeko
Aukera hobia (bis)
Ahobiziek hartuko dute parte
zabaltzearen ardura
Egin behar hau hartu dadila
Gogoz ta gustura
Belarripresten garrantzia ere
bistan dela guztientzat.
Biak dirade enbor bereko
zati euskararentzat.
Euskaraldia
Gure euskera maitia
Ahoz aho erabiltzeko
Aukera hobia (bis)
Berriro ere indar berrikin
euskera dadin garaile.
Izan gaitezen gu guztiok
ametsen sortzaile.
Urte gehiago izango dira
aukera ederren testigu.
Euskera ederra erabiltzeaz
ez izan ez damu.
Euskaraldia
Gure euskera maitia.
Ahoz aho erabiltzeko
aukera hobia (bis)