Euskaraldia

840 herritar baino gehiago eta 30 entitate, euskaraz eragiteko prest

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 19a, 08:38

Abian da 3. Euskaraldia. Ekimenak norbanako eta entitateekin ia mila bidelagun izango ditu datozen bi asteotan Usurbilen. Herri batzordetik txapak jantzi eta gutako bakoitzarentzat lorgarriak diren helburu zehatzak finkatzera animatu gaituzte, ostiral iluntze honetan ospatu den hasiera ekitaldian.

Gurasoekin euskaraz mintzatzea, gaztelerazko esamoldeak murriztea, lantokian euskaraz hitz egitea edota noka landu eta hobetzea. Anitzak dira, abiatu berri den bi asteko Euskaraldiaren baitan norberak bete nahi dituen erronkak, ariketa kolektibo erraldoi hau abiatzeko ostiral iluntzean frontoian ospatu den irekiera ekitaldian argi utzi duten moduan.

"Zer lortu nahi duzu aurtengo Euskaraldian?", hortxe Euskaraldia sustatzeko lanean ari den herri batzordetik hitzordura joandakoei eta asteotako ariketa erraldoian parte hartuko dutenei luzatu zaien galdera. Batek baino gehiago ekitaldian bertan erantzun du galdera. "Hizkuntza ohiturak aldatzea ez da batere erraza, horregatik gonbidapen bat luzatu nahi dizuegu partaide guztiei. Norberak jar diezaiola bere buruari edo har dezala erronka praktiko bat, datozen bi asteetarako helburu egingarri bat".

Tartean, zergatik ez, "hitanoa erabiltzearen erronka. Aurten Ahobizi eta Belarriprest txapei, H pegatina jartzeko aukera luzatu dugu, nolabait adierazteko hika aritzeko prestasuna ere baduela pertsona horrek. Bakoitzaren gaitasunen eta ahalmenen baitan hika jardungo lukete partaide horiek, H pegatinen bidez. Hika praktikatu nahi duen horrek ikusiko du hamabost egunetan zehar baduela norekin egin saiakera hori". 

"Kalitatezko ariketa" egitea helburu
Usurbildik irten gabe, 840 norbanakoek baino gehiagok bat egin dute 3. Euskaraldiarekin. "Horietako askok Ahobizi gisa jokatuko dute", ekimena sustatzen aritu den herri batzordetik berri eman dutenez. "Lehen hitza beti euskaraz egingo dute eta solaskideak ulertzen duela ikusiz gero euskaraz jarraituko dute uneoro. Beraz, euskaraz ulertzen duten guztiekin, euskaraz egiteko konpromisoa hartu dute herritar hauek. Beste herritar batzuk aldiz Belarriprest izango dira. Herritar horiek hartu duten konpromisoa hau da; euskaraz dakiten guztiei berarengana euskaraz zuzentzeko eskatzearen konpromisoa. Berarekin euskaraz egiteko eskatuko dute esplizituki, gero berak erabakiko du zein hizkuntzatan erantzungo duen". 

Norbanakoen ahaleginaz gain, kolektiboena dago. Euskaraz lasai aritzeko ariguneak sortu dituzten entitateak. Usurbilen gutxienez 30 izango dira edizio honetan. Denen artean, "kalitatezko ariketa bat" egitea nahi dute. Gogorarazi dutenez, Euskaraldia "ez da euskararen aldeko kanpaina bat, ez da jarrera baten adierazpena". Abiatu berri den Euskaraldiak "jokaera praktiko bat hartzera konprometitzera eskatzen die herritarrei, norbanako mailan nahiz kolektiboan, abenduaren 2ra arte behintzat". Hizkuntza ohiturez gogoetatu eta euskara gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin ahotan hartzera. "Badugulako denok zer landua datozen egunetan, batzordetik animoak bidaltzen dizkizuegu, eta gogoratu; ez ezazue txapa soinean eramateaz ahaztu".

Txapa janzteak dakarren ikusgarritasuna nabarmendu dute Euskaraldiaren herri batzordetik. "Askotan gure aurreiritzietan oinarrituta, solaskideak euskara jakingo ez duela pentsatu eta gaztelaniara jotzen dugu. Euskaraldiko txapa soinean eramanda, euskara ulertzen duen komunitate oso bat agertzen da modu publikoan Euskal Herri osoan. Horrek lagunduko digu dagoeneko identifikatzen euskararekin norekin gehiago erabiltzeko aukera dugun. Beraz txapak janztera gonbidatzen zaituztegu".