Zaintza Azoka

Zaintza lanak, zaintzaileen eta zainduak direnen ahotan

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 20a, 17:21

Nola nahi dugu zainduak izatea? Nola zaindu nahi dugu? Elkarri estuki dauden bi galderok jira-bueltan ibili dira une oro, larunbat honetan ospatu den Zaintza Azokan. Bai Sutegin ospatu den mahai-inguruan baita segidan, Potxoenean eta Artzabalen egin diren bizipenen tailerretan ere.


Saio bana egin da, zaintza ekosistema propioa eraikitzeko herri honetan abian den prozesuaren testuinguruan sortu diren lau lan-taldeen bueltan. Batetik komunitateari lotutako tailerra, "auzo-zaintza sare publiko komunitarioaren aukeren eta erronken ingurukoa". Horrekin batera, "Usurbilgo zaintza-zerbitzuetako zaintzaile profesionalen bizipenei buruzko eztabaida eta zaintzak behar dituzten pertsonekin izan ohi ditugun mikro-adinkerien jabekuntzari buruzko tailer praktikoa" ere egin dute. Zainketa beharra duten protagonistak bildu dituena ere bai, "egungo zaintza sistemaren erabiltzaile diren pertsonen lekukotzak, haiei eta aterabideei buruzko hausnarketa" bideratu dute, baita gizarte zerbitzuen bueltakoa ere.

Aldi berean egin diren tailerrotako batean izan gara, jendetsuenetarikoan; zaintza lanak egiten ari direnen, baina bereziki zaintza behar duten pertsonen parte hartzea erakarri duena. Azokako galdera nagusiak mahai gaineratu dituzte; nola nahi dugu zaindu? Nola nahi dugu zainduak izan? Bakardade ez hautatua ere ahotan hartu dute.



Zaindua bai, baina aintzakotzat hartuta
Talde txikietan eginiko hausnarketa eta iritzi trukaketan, ideia batzuk nabarmen errepikatu dira. Zaintza lanei dagokienean, garrantzitsutzat jotzen dute zaintza behar duen pertsonak zeregin horretan aktiboki parte hartzea, erabakitzeko gaitasuna izatea, eta gaitasun hau aintzakotzat hartua izatea. Zaindu bai, baina maitasunez eta errespetuz bideratzea zaintza lana.

Saioan zehar mahai gaineratu den beste ideia interesgarria; zaintza lana edonork egin ote dezakeen. Erantzuna ezezkoa izan da. "Edonork ez du zaintza lanetarako balio". Garrantzitsutzat iritzi diote, dakienak eta nahi duenak zaintza lanetan murgiltzea, sektorea profesionalizatzea eta sarritan azaleratu ohi den erruduntasun sentimendurik gabe aritzea lan hauetan. "Inor ez da karga", argi utzi dute Potxoeneko bizipen tailer honetan.

Etxean, etxekoekin nahiago
Eta nori dagokio zaintza lana? Zaintza beharra dutenei galdetuta, gehienetan, hurbilekoek, senideek zaintzea nahi lukete, norbera bizi den etxean. Gizarte geroz eta konplexuagoan bizi gara ordea, eta beti ez da posible etxean eta etxekoek zaintzea. Horregatik, etxekoek bizilekuan bertan zaintzerik izango ez balukete, egoki tratatuak izango diren eta zaintza lana ere modu berean egingo duten egoitza on batean egon nahi lukete.

Eta bakarrik biziko balira? Bakardade egoera ez hautatuan? Pena, tristura, abandonua, egoismoa, apatia lotzen dute bakartasun ez hautatu horrekin. Halako geroz eta egoera gehiago bizi dira eta horri herrian, herritik nola prebenitu, horri buruz hausnartu dute Potxoeneko bizipen tailer honetan.