Zaintza Azoka

Txirikorda eraikitzen amaitzear, esleipenetik hurbilago

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 20a, 17:02

Etorkizun hurbilean, Usurbil zaintza ekosistema eredu propioa izateko jorratzen ari den bidearekin bat egingo duten bi proiektu eraikitzeko lanak amaitzear dituzte. 2023an zabalduko dituzte Matiaren zaintzadun bizilekuak Kalezarren eta Ugartondon kokatuko den Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa. Larunbateko Zaintza Azokaren baitan, bisita gidatu bana antolatu zuten bi eremuotara. NOAUA!-k Txirikorda barrutik ezagutu zuen.

Geroz eta hurbilago dago eraikina bizigarri bilakatzeko eguna. Bizilagunen etorrera gerturatzen doan honetan, lanak amaitzear dituzten Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioan egoteko aukera eskaini digu larunbat honetan ospatu den Zaintza Azokak. Ugartondoko urbanizazio berrian kokatuko diren 16 bizilekuak barrutik erakusteko bisita gidatua antolatu du Usurbilgo Udalak.

Orain arte kanpotik ikusi ahal izan dugu 18-30 urte arteko gazteak nahiz 65 urtetik gorako herrikideak elkarbizitzen jarriko dituen eraikina. Larunbat honetan lehen aldiz, barruan egoteko aukera izan dute bisita gidatuan parte hartu dutenek. Espazio partekatu handiak, argitsuak ditu eraikinak, bizilagunen elkarbizitza kolektiborako. Gune publiko bat ere izango du.

Autogestioa helburu
2023. urte hasierarako lanak amaitzea aurreikusia du. Hirigintza lanekin batera, egitasmo honen baitan prozesu sozial bat ere garatzen ari dira. Hain zuzen, bisita gidatuaren hasieran Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak zioenez, "gure helburua autogestionatutako etxebizitza bat izatea da". Horretarako ordea, aurrez hainbat urrats eman nahi dituzte; garrantzitsuena, Txirikordara bizitzera joango den bizilagun taldea, aldez aurretik komunitate gisa eraikia egotea.

Bide horretan, dagoeneko etxebizitzetara sartzeko baldintzak eta bizilekuok esleitzeko oinarriak biltzen dituen araudia onartu du Udalak. Udazken hasieran, galdetegi bidezko aurre izen-ematea bideratu ostean, 2023a estreinatu eta gutxira izen-emateko epea zabaltzekoak dira. Etxebizitzak esleitu ostean, aurrez ezagutu ez edo gutxienik elkarbizitzen aritu ez diren taldea komunitate bilakatzeko lanketa egingo dute; Txirikordara bizitzera joan aurretik elkar ezagutzeko, bizikidetza arauak eta funtzionamendua finkatzeko... Alderdi horiek guztiak ordenantza batean jasoko ditu Udalak.

Lehen bizilagun taldea, datorren urte erdialdera sartu ahalko da Txirikordan. Komunitatearen egunerokorako arlo honetan esperientzia dutenen laguntza jasoko dute, larunbat honetako bisita gidatuan azaldu dutenez.

Bi beharrei erantzuteko
Zaintza ekosistema eredu propio bat sortzeko duela bi urtetik abian den lanketaren norabide horretan kokatuak daude hurrengo urtean zabalduko diren Matiak eraikitako Kalezarko zaintzadunen etxebizitzak eta Txirikorda, Ugartondoko belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa. Txirikordak emantzipatzeko arazoak dituzten 18-30 urte arteko gazteak eta bakardade ez hautatuan edota irisgarritasun arazoak dituzten 65 urtetik gorakoak elkarbizitzen jarri nahi ditu. Bakoitzak bere bizilekua izango duen arren, gune partekatuak izango dituzte belaunaldi arteko bizikidetza gauzatzeko. Euskal Herrian halako esperientzia bat abiarazten lehena izango da udalerri hau.

TXIRIKORDA BELAUNALDIARTEKO ETXEBIZITZA KOMUNITARIOA
Nori zuzendua: etxejabeak ez diren 18-30 urte arteko gazteei eta 65 urtetik gorako helduei.
Helburuak: gazteen emantzipazio beharrei eta adinekoen bakardade edota etxebizitzako irisgarritasun arazoei aurre egitea.
Kokagunea: Ugartondoko urbanizazio berria, Ugarte baserriaren ondoan.
Etxebizitza kopurua: 16. Kolektibo bakoitzarentzat zortzina etxe. "Kolektiboren batean ordezkariek ez balego, 2-3 etxebizitza erreserban utziko lirateke. Itxaron zerrenda osatuko da etorkizuneko bajak betetzeko".
Etxebizitzen ezaugarriak:
-Logela bakarreko 10 etxebizitza eta biko beste sei.
-Etxebizitza bakoitzak egongela, sukaldea, komuna, logela(k) eta terraza ditu. Baita espazio komunak ere: terraza teilatuan, portxea sarreran, garbigailuak, biltegiak, sukaldea, jantokia, egongela, liburutegia eta erabilera anitzeko gela.
Elkarbizitza:
-Espazio autogestionatua izango da: bakoitzak bere etxe pribatua izango du, baina aldi berean, espazio komunak partekatuko ditu gainerako bizilagunekin.
-Komunitateak ezarriko ditu espazio partekatuak zeintzuk diren, baita "garbiketa txandak, erabilpenak eta ordutegiak".
-Norbanakoen eta kolektiboaren kontsumoak bereizi egingo dira. Erosketak, harpidetzak zein ondasun kolektiboen kontsumo adostuak sustatuko dira.
Esleipena:
-2 urte baino gehiagoz Usurbilen erroldatua egotea. 
-Eskaera norbanako moduan edo bizi nahi duten pertsonekin batera bideratu ahalko da, "betiere guztiek baldintzak betetzen badituzte". Logela bat edo bi behar diren zehaztu beharko da. 
-Eskatzaileek Udalak eskainitako formakuntzan eta prestaketan parte hartu beharko dute.
-Gazteen kasuan: zozketa bidez esleituko dira etxebizitzak gehienez 5 urterako.
-Helduen kasuan: gizarte zerbitzuek eskatzaileen beharrak neurtzeko baremazioa egingo dute. 5 urtekoa izango da etxebizitzen esleipena, baina luzagarria, "etxea esleitu uneko egoerak bere horretan jarraitzen badu".
-Errenta diru-sarrera guztien %15 izango da, hilero 90 euroko gutxienekoa ezarrita.
-Etxea jabetzen duten helduen kasuan, "kontratua sinatzen denetik urte bateko epean, etxebizitza hori hutsik ez dagoen konpromisoa hartuko dute".
Txirikordan bizitzeko konpromisoak:
-Komunitatean bizitzea: bestearekiko errespetua, parte-hartzea eta komunitateak banaka zein taldean egiteko adostutako lanak egiteko konpromisoa, astean ordu batzuk komunitateari eskaintzea.
-Energia berriztagarrien zein bertako kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egiten du.
-Txirikordak Usurbilgo bizitza publikoan eragile aktibo izan nahi du: "beraz, barruko zein kanpoko jarduerak bultzatuko ditu".
Obren amaiera: 2023. urte hasiera.
Informazio gehiagorako: usurbil.eus/txirikorda / 943 371 951.
Iturria: Usurbilgo Udala.