Atxegalden, Santuenean eta Txokoalden gaur, 2023rako udal aurrekontu proposamenen lehen aurkezpenak

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 19a, 08:47

Urte berrirako landutako udal aurrekontuen proposamenak aurkeztu eta ekarpenak biltzeko bilera erronda iragarri du udal gobernu taldeak datozen bi asteotarako.

Udal gobernu taldea 2023an bideratzekoak dituen egitasmoak finantzatzen dituzten udal aurrekontuen lanketa fase betean da. Idatzia duen proposamena herritar nahiz eragileekin partekatzera doa hurrengo bi asteotan, Usurbil osatzen duten auzo eta herrietan. 

Bilera zikloa azaroaren 21ean hasi eta abenduaren lehenean borobilduko dute. "Zatoz 2023ko aurrekontu proposamenak ezagutzera!", luzatu dute gonbita. Urte berrirako aurreikusten dituzten egitasmoen nondik norakoen berri jasotzeaz gain, ekarpenak egiteko aukera egongo da hitzorduotan. Gainera, tokian tokiko gaiei ere helduko zaie saio hauetan. Astelehenerako iragarri diren hiru saioen kasuan esaterako; Atxegaldeko bileran "auzoko lokala eta bizikleten gunea" hartuko dute ahotan Udalk aurreratu duenez. Santueneakoan, "Auzo Plana, aurrekontuetan". Txokoaldekoan, trenbidearen obrek auzoan nola eragingo duten.

Legealdi Plana
Udal aurrekontuok ere 2019-23 Legealdiko Planaren testuinguruan kokatu beharrak daude. Lau ardatz nagusiren bueltan biltzen dituzte bideratu nahi dituzten egitasmoak; Herri Nortasuna, Herri Jasangarria, Ongizartea eta Udala Herriaren Zerbitzura izeneko atalen bueltan.

130 egitasmo berri proposatu zituzten legealdi hasieran. Egitasmoon betetze maila zertan den (hasteko ote dauden, abian edota gauzatuta) ikus dezakezue noiznahi usurbiltzen.eus atarian. 

Hemen 2023ko udal aurrekontuen proposamenak aurkezteko udal gobernu taldeak datozen bi asteotarako iragarri duen hitzordu zikloaren zehaztasunak. Guztira 9 saio antolatu ditu EHBilduk.


AURKEZPEN ERRONDA
Azaroak 21, astelehena
18:30 Atxegalden (Udarregi Ikastolako jangelan), Santuenean (Santuenea 12ko lokalean) eta Txokoalden (Txokoargi elkartean).

Azaroak 22, asteartea
18:30 Zubietako Kaxkape.

Azaroak 23, asteazkena
18:30 Potxoenean.

Azaroak 28, astelehena
18:30 Etxealdia (Potxoenean) eta Munalurra (Eguzki elkartean).

Azaroak 30, asteazkena
18:30 Aginagako Eliza Zaharra

Abenduak 1, osteguna
18:30 Kalezar (Haur Eskolan)

Zehaztasunak:
datorren urteko udal aurrekontuen proposamena ezagutzeko bilera erronda. "Zatoz 2023ko aurrekontu proposamenak ezagutzera!".
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.