Abisu horian

Adi errepidean, euri-jasak iragarri dituzte datozen orduotarako

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 21a, 07:47

Prezipitazio iraunkorragatik eta haizeagatik abisu horian izango gara astearte goizaldeko 6:00ak arte. 

Jabetuko zineten moduan, gogotik aritu du euria eta ez du atertuko. Are zaparrada handiagoak espero dira datozen orduotan. Begi bistako arriskua beraz, besteak beste, errepideetan. Larunbat iluntzean, lurjausi batek Aginagara bidean N-634 errepideko errei bat estali zuen Kaparotzetik gertu, eremu txiki batean. Astelehen eguerdi honetan ere Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak errepide eta zonalde berean ur putzuak zeudela ohartarazi du. Eta 14:302ak pasatxoan lurjausia izan dela berriz, Usurbil-Aginaga artean. Adi ibili inguruotako errepideetan, datozen orduotan ez baitu atertuko, euri gehiago eta zaparrada handiagoak espero dira. 

Prezipitazio iraunkorragatik hain zuzen, abisu horia indarrean izango da astelehen eguerdi honetatik; astearte goizaldeko 6:00ak arte. "Gipuzkoako zenbait lekutan 50-60 l/m² baino gehiago pila daitezke, bereziki ekialdean. Euri ertaina egingo du, sarri eta ugari Kantauri isurialdean non euria iraunkorra izango den, bereziki ekialdean. Arratsalde-gauean trumoi-ekaitzak izan daitezke, txingorra bota dezake, eta zaparradak zenbait lekutan handiak izan daitezke", Euskalmet meteorologia agentziaren arabera.

Igande arratsalde eta iluntze partean euririk apenas egin ez zuen arren, ikusi gaur, eguerdi partetik aurrera zenbat euri ari duen. Euskalmet-ek Lasarten duen estazioan bildutako datuak dituzue honako hauek:

Asteazkenera arte euritan
Euriagatik soilik ez, haizeagatik ere abisu horian izango gara astearte goizaldeko 6:00ak arte. 100 kilometro ordurarterainoko haize-boladak izan ditzakegu haizeguneetan.

Giro honekin Usurbilen, "goizean goizetik euri txiki-ertaina egingo du, sarriago eta ugariago egunaren bigarren partean. Arratsalde-gauean trumoi-ekaitzak izan daitezke eta txingorra egin dezake eta zaparradak handiak izan daitezke. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da; goizaldean eta goizean goiz hego-mendebaldetik joko du eta arratsaldean ipar-mendebaldera egingo du, bizi ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".

Bihar ere "zerua oso hodeitsu egongo da. Egunaren lehen partean euri txiki-ertaina egingo du. Goizaldean eta goizean goiz trumoi-ekaitzak izan daitezke eta txingorra egin dezake. Arratsaldean atertzera egingo du. Mendebal-osagaiko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin, bereziki goizaldean eta goizean goiz; arratsaldean haizeak indarra galduko du. Gauean haizeak hego-mendebaldera egin eta indartu egingo da azken orduetan, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Tenperatura jaitsi egingo da: gutxi minimoak eta nabarmen edo asko maximoak".

Asteazkenean espero da aldaketa. "Zerua oso hodeitsu egongo da. Egunaren bigarren partean hodeiak gutxitu egingo dira, bereziki gauean. Euri txikia egingo du, noizbehinka ertaina. Arratsaldean atertzera egingo du. Hego-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Goizean haizeak indarra galduko du eta eguerdi inguruan mendebal/ipar-mendebaldera bizi egingo du, bolada oso gogorrekin kostaldean. Arratsalde-gauean mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura gutxi edo nahikoa igoko da".

Informazio eguneratua hemen: 
euskalmet.eus
trafikoa.euskadi.eus