Santueneko galdeketa eta Azaroaren 25ari lotutako adierazpena, datorren udalbatzarreko hizpideen artean

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 22a, 09:17

Ohi bezala, gai anitz hartuko dituzte ahotan udal ordezkariek azaroaren 24rako deitu duten osoko bilkuran.

Azaroko azken ostegunarekin bat, osoko bilkura Usurbilgo udaletxean. Azaroaren 24an ahotan hartuko dituzten hizpideen zerrenda helararazi dio NOAUA!ri Usurbilgo Udalak. Besteak beste, abenduaren 17an Santueneako eskubaloi kantxaren etorkizunaz erabakitzea ahalbidetuko duen auzo galdeketari lotutako antolaketa lanetan urrats berri bat emango dute; bozketa egun horretako mahaikideen izendapena onartzekoak dira ostegun honetako osoko bilkuran.

Horrez gain, udalbatzarraren biharamuna, azaroaren 25a izango da; Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna. Egun horri lotutako adierazpen instituzionala onartzekoa da udalbatza etziko hitzorduan.

Beste mozio bat baita, kasu honetan, urriaren 31ko Gerra Zibilaren eta Diktaduraren biktimak oroitzeko eta omentzeko egunari buruzkoa.

Zapategiko eremua ere ahotan hartuko dute.

OHIKO UDALBATZARRA
Eguna: azaroak 24, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Gai-zerrenda:
1-2022ko irailaren 29ko bilkurako aktaren onespena.
2-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2022ko urriaren 24tik azaroaren 18ra (2022/1052-2022/1125).
3-Santuenea auzoan abenduaren 17an egingo den herri galdeketarako mahaikideak izendatzea.
4-Hiri Antolamenduko Arau Subsidioarien Berrikuspenaren Testu Bategineko A-78 (TE) Zapategi eremuaren Aldaketa Puntualari (03. aldaketa) behin behingo onespena ematea.
5-Mozioa: Urriak 31, Gerra Zibilaren eta Diktaduraren biktimak oroitzeko eta omentzeko eguna.
6-Adierazpen instituzionala, 2022ko Emakumeen Indarkeriaren Aurkako Eguna dela eta.
7- Galdera eta eskaerak.