Musikarien Eguna

Santa Zezili eguna ospatuko du etzi Zumartek

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 22a, 08:05

Euskal Herriko Musika Eskolen elkarteak antolaturiko Musikalean ekimenarekin bat egingo du Zumartek. Kalejira eta emanaldia iragarri ditu ostegunerako.

Musikarien eguna gaurkoa, Santa Zezili eguna. Musika aipatuta, ezin ahaztu, herrian alor honetan dugun sortzaile andana ezta sorkuntza honen guztiaren faktoria nagusia ere, Zumarte. Urtero egun honen bueltan plazara ateratzen du musika eskolak, ikasturtean zehar bideratzen duen lanketa. Osasun krisialdiak bi urtez eragotzi ostean aurten bai, 2019ra arte egin bezalaxe, ohiko formatua berreskuratuko dute; bai kalejira musika eskola paretik hasita talde instrumentalekin, baita segidan, haiekin Sutegin eskaini ohi duten kontzertua ere. Biak ala biak, ostegunean, azaroaren 24an antolatu dituzte.

Gogoan izan, 2019az geroztik ezin izan dituzte ospatu ekitaldiok. 2020an osasun krisialdiagatik bertan behera utzi behar izan zituzten hitzorduok. Iaz bai, egingo zituztela iragarri zuten. Bi ekitaldiak egun desberdinetan programatuak zituzten. Covid19-ak aste haietan izandako bilakaeragatik indarrean ziren neurriak eta zenbat ikasle konfinatu zeuden kontuan izanda, kultur-etxeko emanaldia bertan behera utzi behar izan zuten. Kalejira ospatzekotan geratu ziren, baina euriteengatik iragarri zen alertagatik emanaldia atzeratzea erabaki zuten.

Euskaraldiarekin bat
Hirugarrengoan bai, ohiko formatua berreskuratuta irtengo dira Zumartekoak ostegun honetan, azaroaren 24an kalera. Eta ez da ekintzok antolatuko dituen musika eskola bakarra izango. Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak antolaturiko Musikalean ekimena baita Zumartek urte garai honetan ospatu ohi duena. Hamabosgarren ediziora heldu da jada; egunotan, azaroaren 21ean hasi eta hilaren 27ra arte "56 musika eskola ezberdinetako 1.700 ikasle eta irakasle baino gehiagok hartuko dute parte. Guztion artean ospatuko dugu musika kalera ateraz", Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartetik aditzera eman dutenez.

Aurtengoan, hasiberri den Euskaraldiarekin bat egingo dute "indarrak batu nahian,  eta horregatik, euskal doinuak kaleratuko ditugu".

"Musikalean" ekimena:
Azaroak, 24, osteguna

18:00 Kalejira talde instrumentalekin.
19:00 Kontzertua Sutegiko auditorioan talde instrumental ezberdinekin.
Sarrera: doan.
Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.