Mobilizazio eta ospakizunez betetako Gazte Asteburua iragarri du Aztarrikak

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 22a, 12:28

"Inoiz baino indartsuago" datorrela iragarri du Usurbilgo gazte mugimenduak sare sozialen bidez, azaroaren 25etik 27ra antolatu duen Gazte Asteburua. "Jaia eta borroka" uztartzen dituen ekimena izaten dela gogorarazi arren, "aurten borrokari inoiz baino lehentasun handiagoa emango diogu" iragarri dute.

Urrian egin zen herri bileran iragarri zuten moduan, datorren Gazte Asteburuan bildutako laguntzaren zati handiena Maria Angeles Otaegiri emango dietela adierazi dute. Elkartasuna adierazteko elkarretaratzea iragarri dute baita. Gogoan izan, 80 urteko Usurbilgo emakumea etxegabetze arriskuan da. Herritarrez osaturiko bilgune bat dago bera lagundu eta bizi duen egoera bidegabea salatzen, azaroaren 1eko Artisau Azokan elkarretaratze jendetsu baten bidez plazaratu zuten moduan. Urriaren 21ean egin zuen bilgune honek lehen herri bilera Artzabalen, eta gazte asanbladatik Maria Angeles laguntzeko prestasun osoa adierazi zuten.

Maria Angelesen aldekoa ez da Gazte Astebururako iragarri duten mobilizazio bakarra izango. Ostiralez egokitu da aurten azaroaren 25a, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna. "Kafe Tertuliak mobilizazioa deituko du eta parte hartzera animatzen dizuegu", berri eman dute. 

Txartelak salgai
Borroka eta jaia uztartuko ditu beraz datorren Gazte Asteburuak. Adi, azaroaren 26an ospatuko duten gazte afaritarako txartelak salgai dituzue Aitzagan eta Txirristran. Azaroaren 23ra arte eskuratu ahalko direla berri eman du Aztarrikak. Afalosterako kontzertu gaua antolatu dute, aurretik beste hainbat ekintza. Antolakuntzak plazaratu duen egitarau honetan dituzue xehetasunak. 

Egunotako bi deialdiarekin bat egin du gazte mugimenduak aurtengoan; batetik, Euskaraldiarekin eta GuraSOSek iganderako Donostian deitu duen mobilizazioarekin.

GAZTE ASTEBURUA
Azaroak 25, ostirala
18:00
Gazte Kedada eta Mural Margoketa.
19:00
Azaroaren 25eko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Zehaztasunak: "Sistema honetan elkar zaintzea erradikala delako, neska* gazteok autodefentsa feminista" aldarriaren bueltan, "Kafe tertuliatik azaroaren 25ean elkarteratzeko deialdia egin nahi dugu zapalkuntza honi aurre egiteko. Sistema honetan elkar zaintzea erradikala delako, animatu elkarteratzera!".
Deitzailea: Kafe Tertulia.

20:30 Gazte Txupinazoa eta ekitaldia.

22:00 “Gazteon behar eta erronkei aztarrika” gazte lokalean.

Jarraian: Euskaraldiari babesa adierazteko argazkia.


Azaroak 26, larunbata
11:30 Miseriaren oka.

13:00 Kuadrila arteko paella lehiaketa eta bazkaria bertsolariekin.
Bertsolariak: Jon Altuna, Harri Agirresarobe, Unai Azpiroz.

*Arroza/gatza/olioa gure esku* .

Jarraian: HiXelfi erronka. 

18:00 DJ ibiltaria.

20:30 Maria Angelesi elkartasuna adierazteko kontzentrazioa.

21:00 Gazte Afaria + Sorpresa. Txartelak Aitzagan eta Txirristran azaroaren 23ra arte salgai.

Ondoren, kontzertuak: Galazota, Dena, Dj Ztart.

Azaroak 27, igandea
12:00
GuraSOSek deitutako erraustegiaren aurkako manifa Donostiako Kursaalen.


Antolatzailea: Aztarrika gazte asanblada.