Bi galdetegi eta Buruntzaldeako Borroka Astea, gazte mugimenduaren beste hitzorduak

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 22a, 11:43

Kafe Tertuliak Usurbilgo puntu beltzak identifikatzeko eta Ernai gazte antolakundeak herriko gazteen osasun psikosozialaren egoera ezagutzeko lanketa betean dira. Eskualde mailako Ernaik bestalde, Buruntzaldeako Borroka Astea deitu du abenduaren 1etik 10era. 

Borroka eta jaia uztartuko dituen Gazte Asteburuaz haratago, ekimen gehiago ere baditu eskuartean Usurbilgo gazte mugimenduak. Bi galdetegi betetzeko deialdia egin dute azken egunotan. Batetik Kafe Tertuliak. Urriaren 29an antolatu zuten Egun Morean Usurbilgo Puntu Beltzak identifikatzeko lanketari ekin zioten. Lanketa honetara batu nahi dituzte herriko emakumeak*. Horretarako, sare sozialetan eseki duten galdetegia betetzeko deia egin dute. “Guk burututako identifikazioaz gain, Usurbilgo emakume* guztien parte hartzea bultzatu nahiko genuke, ahalik eta Puntu Beltz gehien identifikatu ahal izateko”, berri eman dute Kafe Tertuliatik.

 

 

 

 

Gazteen osasun psikosozialari buruzko lanketa
Usurbilgo Ernaik bestalde, “herriko gazteon osasun psikosozialaren egoera erreala zein den identifikatzeko” egitasmoa abiarazi du. "Belaunaldi krisi anizkoitzak gogor kolpatzen gaitu gazteak, gure osasun mentala kinka larrian jarriz sarritan. Baina behin eta berriz esango dugu, hau ez da kristalezkoak garelako!".

Gai honi lotuta gazteek dituzten behar eta interesei buruzko hausnarketa fasearekin ekingo diote proiektuari. "Gazteongan kezka handienak sortzen dituzten faktoreak identifikatze aldera, entzute prozesu batekin hasiko dugu dinamika, berau oinarritik ahalik eta partehartzaileena izan dadin"
. Sare sozialetan eseki duten galdetegia betetzeko gonbita luzatu dute. "Herriko gazteok osasun mentalarekiko daukagun hurbiltasuna neurtzeaz gain, ditugun behar eta interesak identifikatuko ditugu, gazteontzat esanguratsuenak diren gaiak biltzeko eta hauekin lanketa ezberdinak bideratzeko". 



Gazte Asteburuaren atarian, bi galdetegi plazaratu ditu Usurbilgo gazte mugimenduak. Batetik, Kafe Tertuliak herriko puntu beltzak identifikatzeko lanketari ekin zion urriaren 29ko Egun Morean. 



Borroka Astea Buruntzaldean
Buruntzaldeako Ernaik Borroka Astea iragarri du bestalde, abenduaren 1etik 9ra. "Egitarau zabala izango dugu zeharkatzen gaituzten hamaika borroketan sakontzeko eta ekiteko, eta mobilizazio eta kontzertuekin amaituko dugu astea". Parte hartzeko gonbita luzatu dute. "Buruntzaldeako gazteok borrokara goaz! Bertan itxarongo zaituztegu, gorde datak!". 

Eskualdean zehar hainbat ekimen bideratzekoak dira hilabete hasieran. Hitzorduetako bat, erraustegiaren aurkakoa Sutegin, abenduaren 9an. Plazaratu duten ondoko kartelean egitarauaren lehen xehetasunak ageri dira, baina ziklo honi buruzko datu gehiago ematen hasiak dira.

Buruntzaldeako Borroka Astea
Abenduak 1, osteguna
18:30 "Gazteok eta euskara: benetan euskaraz bizi gaitezke?" hitzaldia Lasarte-Oriako Xirimiri elkartean.
Hizlariak: Adur Berasategi (Ernai), Oier Errementeria (Gazte Euskaltzale Sarea) eta Maialen Iñarra (Zubietako soziologoa).

Abenduak 2, ostirala
18:30 "Gazteon lan eskubideak: eta zuk, ba al dakizu zein diren zureak?" hitzaldia Andoaingo Gaztetxean, LAB sindikatua eta Ernairen eskutik.