Tren zerbitzua berrezarri dute

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 23a, 19:50

Goizeko lehen ordutik Oriorantz etenda egon den tren zerbitzua berrezarri dute arratsalde partean.

Zuhaitz bat erori da Zumaia Zarautzekin lotzen duen trenbidean, beste bat Orio inguruan eta zerbitzua eten behar izan dute. Orion trenbidera erori den zuhaitzaren aurka jo du gainera trenak, istripu arina izan da ordea, ez du zauriturik eragin bertako Karkara tokiko hedabideak berri eman duenez. Ondorioz, Usurbildik Donostiara trenez bidaiatu ahal izan da egun osoz, Oriorantz ez. Autobus zerbitzua jarri behar izan dute. Arratsalde partean berrezarri dute tren zerbitzua.

Informazio gehiagorako: 
euskotren.eus
944 333 333


Asteburuetako zerbitzuak indartzeko eskaera
Larunbat, igande eta jai egunetako tren zerbitzuak indartzea eskatzera animatu gaitu asteotako herrikide batek, NOAUA!-ra helarazi duen kexuaren bidez.

Ordubetean behin igarotzen da trena asteburuetan Usurbildik, bai Donostiara edota Oriorantz. Larunbat, igande eta jai egunetan, Usurbildik Gipuzkoako hiriburura bidean 8:24an hasi eta 22:24 arte 60 minuturo izaten da tren zerbitzua, azkena 22:54an. Usurbildik Oriorantz goizeko 7:04an hasi eta gaueko 22:04ak arte orduero.

Astelehenetik ostiralera izaten den tren zerbitzuen maiztasunarekin alderatuta nabarmen gutxiago. Lan egunetan orduerdiro zeharkatzen du trenak udalerri hau. Gipuzkoako hiriburura bidean, 6:24-22:54 artean orduerdiro; Oriorako noranzkoan 6:04-22:04 artean. 

Horregatik, "zerbitzu hobeago baten alde! Lagundu, mesedez  eta iradokizun bat bidali!", eskaera hauxe helarazi du NOAUA!ra herrikide batek, asteburuetan tren zerbitzuen maiztasuna handitzeko, indartzeko eskaeraren berri ematearekin batera. Eskaera hau Euskotren-era bideratzera animatzen gaitu, esteka honetako galdetegia beteta hain zuzen: euskotren.eus