Trenbide sareko tunel proiektuari alegazioak aurkezteko epea abenduaren 28ra arte luzatu da

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 23a, 12:48

Usurbil eta Orio arteko trenbidean tunel bat eraikitzeko proiektuari alegazioak egiteko epea abenduaren 28ra arte luzatu da. Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren azterlanaren zenbait anexo edo eranskin "akats batengatik" jendaurrean ez zituela jarri onartu du eta informazio publikoaren epea luzatzeko agindu. 

Herri ekimenak aditzera eman duenez, “aipagarria da falta ziren eranskin horien artean, joan den urtean zenbait erakundek egindako txostenak zeudela, hala nola, Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animalien eta Landareen zerbitzuak 2021. urteko abenduan egindako txostena, non erakunde honek Garraio sailburuordetzari kritika gogorra egiten dion proiektuak Oriako Itsasadarreko Babes Bereziko eremuan eragiten dituen kalteengatik azaldutako eragozpen nagusiak ez direlako aintzat hartu".

Eusko Jaurlaritzak jendaurrean jarritako dokumentazioan ingurumen-inpaktuaren azterlanari dagozkion 9 eranskin falta zirela ikusita, herritar batek salaketa bat aurkeztu zuen. Garraio sailburuordetzak arrazoia eman dio, esanez "giza akats batengatik" ez zutela webguneko estekan dokumentazio guztia jarri. Horrenbestez, dokumentazioa osatu eta azaroaren 22an amaitzekoa zen alegazioak egiteko epea abenduaren 28ra arte luzatu behar izan dute.

Usurbilgo Urdaiagako Txokoalde auzo kaltetuko hainbat bizilagunek, Eguzki eta Usurbilgo Aranerreka talde ekologistek, Haritzalde eta Mutriku Natur Taldea ingurumenaren defentsako elkarteek, Satorralaia bizilagunen mugimenduak, eta Donostialdeko hamarnaka herritarrek proiektua bertan behera uztea eskatu dute eta hainbat alegazio izenpetu dituzte. Alegazioak bideratzeko dokumentua esteka honetan dago eskuragarri: https://alegazioakaginaga.wordpress.com/