Pedro Sancristoval Murua hil da, hamaika aurpegi izan zituen aristokrata usurbildarra

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 24a, 08:33
Islako kondea eta Riscoko markesa, Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatua izan zen 1999-2003 legealdian.

 

Pedro Sancristoval Murua, Islako kondea eta Riscoko markesa. Saroe jauregiko leinukoa. Adin bat dutenentzat, Periko markesenekoa; amonaren tituluarengatik herrian jasotako ezizena. Dena den, urterik gehienak Zaragoza eta Gasteiz artean eman zituen. Urriaren 4an hil zen, 90 urterekin. Tituluak titulu, euskararen eta kulturaren defendatzaile sutsua izan zen. “Araban, euskal kulturaren sustatzaile porrokatua izan zen”, Euskaltzaindiatik aditzera eman dutenez.

 

Periko markesenekoa

Usurbilen jaio bazen ere, gaztetan Zaragozara joan zen ikastera eta Zaragoza eta Gasteiz artean eman zituen urterik gehienak. Hala ere, garai batean “Periko eta bere familia osoa udan etortzen ziren hona”. Bere izena aipatzerik nahi ez duen herritar batek azaldu digunez, “Periko eta bere familia oso herrikoiak ziren. Etortzen ziren bakoitzean oso ondo integratzen ziren hemengo martxara”.

 

Periko euskaltzain urgazlea

Zaragozako Unibertsitatean Filosofia eta Letretan lizentziaduna, funtzionario plaza bat eskuratu zuen Arabako Foru Aldundian. Historiako irakasle eta arte kritikari ere izan zen. 1979ko abenduaren 20an, euskaltzain urgazle izendatu zuen Akademiak, eta Euskaltzaindiaren ekonomia batzordean jardun zuen 1987tik 1989ra arte.

 

PERIKO MARKESENEKOA

“Politikan aritu aurretik, aski ezaguna zen Gasteiz nahiz Arabako kultur mugimenduan. Artium museoaren eta Gasteizko jazz jaialdiaren sustatzailea izan zelako, besteak beste. Artearen munduan ere, ospe handia zuen”

 

Periko politikaria

Ardura politikoei ez zien izkin egin. Ramon Rabanera (PP) Arabako Foru Aldundiko ahaldun nagusia izan zen garaian, Kultura diputatua izan zen Periko. 1999tik 2003ra arteko legealdian, hain zuzen. Ez zen PPko kide gisa aurkeztu, independente moduan baizik. Orduko hartan, euskaraz egin zuen karguaren zina.

 

Periko kultur sustatzailea

Politikan aritu aurretik ordea, aski ezaguna zen  Gasteiz  nahiz Arabako kultur mugimenduan. Artium museoaren eta Gasteizko jazz jaialdiaren sustatzailea izan zelako, besteak beste. Artearen munduan bereziki, ospe handia zuen. Eta ez bakarrik Euskal Herrian. 2011n, Andorrako Printzerriko komisario artistikoa izan zen Veneziako Biennale-an.

 

Periko liburugilea

Liburugile gisa lan ugari plazaratu zituen. Arteari lotutako argitalpen ugari osatu zituen, ia denak beste egile batzuekin elkarlanean: Museos de Alava (2000), Emakumearen irudia: bestelako begiratu bat Arabako Arte Eder Museoa (2003) edota Paisajes vascos (2003) izenekoa.

Gaztetan idatzitako hauxe izan zen ordea, itzal handiena izan zuena: Usúrbil, un municipio del extrarradio de San Sebastián (1958). Liburuak izan zuen oihartzunarengatik baino, gerora Usurbilgo herriari buruz idatzi duten guztientzat ezinbesteko erreferentzia izan delako.

Adar hauek denak aletuko ditugu ondorengo orrialdeetan.

 

Saroe jauregiko jabeen ondorengoa

Perikoren amona eta haren ondorengoak ondasun ugariren jabe izan dira Usurbilen. XX. mende hasieran, Muruako markesak (Perikoren amonak) Saroe jauregia, Olarri, Artzabal, Udarregi, Urteaga, Juandeuntzenea eta beste asko jaso zituen herentzian. Usurbilgo Baserriak eta Baserritarrak liburutik hartu ditugu datuok. Amona hil zenean, seme batek bereganatu omen zuen ondare osoa, Perikoren osaba batek. Honek tirabirak eragin zituen familiaren baitan.

 

Usurbil betikotu zuen liburu gogoangarri batean

Pedro Sancristoval Muruaren sinadura hainbat argitalpenetan topatuko duzue. Arteari eta kulturari lotutakoak gehienak, ia beti askoren artean idatziak. Bere jaioterriari buruzko liburua da akaso itzal handiena izan duena: Usúrbil, un municipio del extrarradio de San Sebastián (1958) izenekoa. Geroztik hona Usurbili buruz idatzi duten ikerlari guztientzako ezinbesteko erreferentzia izan delako.

Usúrbil, un municipio del extrarradio de San Sebastián argitalpena tesi batean oinarritzen da. Pedro Sancristoval Muruak berak Zaragozako Filosofia eta Letren fakultatean aurkeztu zuena. 24 urterekin amaitu zuen tesia eta lan honi esker eskuratu zuen unibertsitateko lizentziatura 1956. urtean.

'USURBIL' LIBURUA

“1956an idatzia, irudiz ere aberatsa da. Desagertzear zen mundu baten eta industriari esker loratzen hasia zen herri berri baten lekuko zuzena”

Liburuaren sarrerako idatzian eskerrak ematen zizkien laguntza eskaini zioten herritar guztiei. Horien guztien artean bi lagun nabarmendu zituen: A. Arámburu eta A. Pagola. Elcano Institutuaren Geografia sailak plazaratu zuen liburua 1958. urtean eta Usurbilgo Udalaren babesa jaso zuen.

 

Irudiz ere, aberatsa

Pedro Sancristoval Muruak herriaren sorburura jo zuen eta Usurbilgo historiaren zertzelada nagusiak batu zituen. Historian sakontzeaz gain, demografia, ekonomia, klima, geografia eta egitura sozialean erreparatu zuen.

Irudiz ere aberatsa da oso. XX. mendeko 50eko hamarraldian egina; desagertzear zen mundu baten eta industriari esker loratzen hasia zen herri berri baten lekuko zuzena. Liburuak orduko Usurbil irudikatzen duten argazkiak eta planoak biltzen ditu bere baitan. Egun existitzen ez den Usurbil bat, etxebizitzek eta industrialdeek antzaldatu aurreko herri bat. Garai bateko ibarren eta erriberen erakusgarri aparta. Argazki-arkeologia maite duenarentzat, pagotxa ederra.

 

Erreferentzia, gaur egun arte

Usurbili buruz idatzi diren ondorengo liburu guztietan, ezinbesteko erreferentzia izan da Pedro Sancristoval Muruaren tesia. Usurbil (Luis Murugarren, 1974), Usurbil 1371-1971 (Usurbilgo Udala, 1975), Zubieta, mila urteko herria (Joxe Ramon Zubimendi, 2000), Usurbil iraganari begiratuz: ekoizpena (Gotzon Garmendia, 2001), Usurbilgo baserriak eta baserritarrak (Josu Tellabide, 2004),... Liburu hauetan guztietan dator Periko markesenekoak gaztetan plazaratu zuen argitalpena, bibliografia atalean nabarmendua.

 

Ale originalik ez da Sutegin

Hamarkada hauetan guztietan maiz baliatu izan bada ere, Usúrbil, un municipio del extrarradio de San Sebastián liburuaren ale originalik ez da Sutegiko udal liburutegian. Fotokopiez osatutako bi liburuki daude kontsultagai. Original bakarra udal artxiboan dute jasoa eta gastatu samar dago, pitzadura ugarirekin. Usurbili buruz ikertu nahi izan duten guztiek maiz baliatu izan duten seinale.

 

“Gertukoa zen, euskalduna, herrikoia eta Zumetazalea”

Jabier Pikabeak tratu gutxi izan zuen Pedro Sancristoval Muruarekin. Berarekin egon zen apurretan, itxura ona hartu zion: “gertukoa zen, euskalduna, herrikoia”. 36ko gerraren ondorenean, gosea pasatutakoa nonbait.

Zumetazalea zela oroitzen du Pikabeak, eta Artzabal baserria utzi ziola. “Artzabal eta Artzabal ingurua bereak ziren. Ez zituen saldu nahi, ez zuelako Usurbil desitxuratzerik nahi”.

Artzabal baserria Pedro Sancristovalen familiarena zen. Berari esker, Jose Luis Zumetak bizitoki eta lantoki paregabea izan zuen hainbat urtez. Argazkian, Zumeta Artzabalgo ganbaran, koadro bati begira. Argazkia: Antton Elizegi, 1972.

 

Honen harira, kontu polita azaldu digu Pikabeak. 70eko hamarkada hasieran, artean Franco diktadorea bizirik zela, zinegotzi batzuk dimisioa eman zuten eta horien ordez beste herritar batzuk sartu ziren udaletxean. Tartean, Jabier Pikabea bera. “Usurbil salbatzearren egin genuen”. Orduko plan orokorrak dentsitate demografiko altuko urbanizazioak eraikitzea ahalbidetzen zuen, “eta hori aldatzeko sartu ginen udaletxean”.

Zinegotzi izan zeneko garai hartan hasi zen Zumeta frontoi atzeko muralean  pentsatzen. Zeramika piezak egiteko labe bat behar zuen eta Periko markesenekoaren bitartez, egokia izan zitekeen bat lokalizatu zuten Zaragozan. “Orduan hantxe bizi zen, baina harreman estua mantentzen zuen Usurbilekin eta Zumetarekin. Zaragozako labegileak ezagutzen zituen”, eta halaxe abiatu ziren Zaragoza aldera Jabier Pikabea, Jose Luis Zumeta eta Periko beltza (ezizen hori ere ba omen zuen herrian), zeramikak egosteko labe bila.

Zaragozatik ekarritako “labea makala zen ordea”, Pikabeak azaldu digunez. Pentsa, 3.000 pieza egosi behar ziren. Luzuriaga lantegiko labea erabiltzeko baimena lortu zutenean, akabo arazoa. Horri esker, Zumetak labeko lana garaiz bukatu ahal izan zuen.

 

Isil-isilik ibiliko zen, baina denon begi-bistan

Tituluek “ez dute pribilejio izan behar, eta ez dira saltzekoak. Familiako kontu hutsa dira. Usurbilgo semeok ez daukagu horren beharrik. Isil-isilik gabiltza, eta askoz hobe”. Hala zioen 2007an Argiari eskainitako elkarrizketa batean. Harrotu gabe ibiliko zen, baina denon begi-bistan. Disimulorik gabe. Argazki hau da horren erakusgarri.

Pedro Sancristoval Murua maiz elkartu zen Espainiako errege etxeko kideekin. Argazki hau 2014koa da, Zaragozan  egindako ekitaldi batean ateratakoa. Argazkia: RMCZ.

 

Noblezia-tituluei esker, Espainiako aristokraziaren ingurumarietan bazen norbait. Borboikoen artean esate baterako, aski ezaguna zen. Juan Carlos I eta Sofia Espainiako errege emerituen ezkontzan izan ei zen eta gerora tratu zuzena izan zuen Elena Espainiako infantarekin zein Felipe VI Espainiako erregearekin.

 

Juan Carlos I eta Sofia errege emerituen ezkontzan

Periko markesenekoa Juan Carlos I eta Sofia Espainiako erregeen ezkontzan izan omen zen eta Usurbilen oso zabaldua dagoen kontua da hauxe.

Juan Carlos I eta Sofia ezkondu zirenean, bi ospakizun egin zituzten: katolikoa bata, ortodoxoa bestea (Sofia greziarra da jaiotzez). Ortodoxoa Atenasen egin zuten. Ospakizunetara Espainiako Armadaren itsasontzi bat bertaratu zen. Ezkonberriak Pireora iritsi eta lur hartu zutenean, Espainiako Armadako militarrak hantxe zituzten zain, tente, ezkonberriei gorazarre eginez. Soldaduen artean usurbildar bat zegoen, Mikel Urkia Ezkerra gaztea. Soldaduska garaian edo, halabeharrez eramana akaso. Lehen lerroan zen Urkia, segizioa noiz pasako zain. Bere begien aurrean pasa ziren ezkonberriak, ezkonberrien sendiak eta aristokraziako ordezkariak. Azken hauen artean nor ikusiko eta Periko markesenekoa. Mikel Urkiak Periko parez pare izan zuenean, “Noaua!” bat bota zion, ahapeka.

 

Espainiako Borboikoekin gertuko harremana izan zuen

Islako kondea eta Riscoko markesa izateaz gain, Pedro Sancristoval Murua Zaragozako Real Maestranzako kide zen. Zaldun-elkarte honetako ekitaldi ofizialetan Borboikoek hartzen zuten parte. Hainbat urtez Real Maestranzako tenientea izan zenez, Pedro Sancristoval Muruak berak egin zien harrera ofiziala Espainiako errege etxekoei.

Garai batean Juan Carlos I erregea gonbidatzen zuten ekitaldi nagusietara, baina honek abdikazioa sinatu zuenean, Felipe VIak hartu zuen aitaren lekukoa. 

Zaragozako Real Maestranzako ekitaldi batean, Felipe VI erregearekin. Eskubikoa da Periko, Islako kondea eta Riscoko markesa. Argazkia: Casa Real.

 

XI. mendean osatutako zaldun-elkartea

Noblezia-tituluena bezala, zaldun-elkarteen sorrera ere aspaldikoa da. Real Maestranza de Caballería de Zaragoza zaldun-elkartea 1118. urtean sortu zen, Alfonso Lehenak Zaragoza konkistatu zuen garaian. Geroztik, hirian zein Aragoiko lurraldean eman diren gertaera historiko guztien lekuko izan da elkartea.

Gaur egun, Felipe VI Espainiako erregea  ageri da zaldun-elkarteko kargurik gorenean. Periko markesenekoa juntako kide izan zen hil zen egunera arte.