Zaintza, Sutegiko erakusketaren eta datorren Bizipoza jardunaldiaren erdigunean

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 24a, 11:29

Zaintza ekosistema eredu propioa eraikitzeko herri hau jorratzen ari den bidearen baitan, erakusketa eta Bizipoza Jardunaldia egunotan.

Zertan datza pertsonen burujabetzak, parte hartzeak, autonomiak? Zaintza behar handiak izanda etxean bizitzen jarraitzea posible da? Ezagutzen al ditugu eta nola ikusten ditugu gizarte zerbitzuak? Galdera hauei eta beste hainbati erantzuten dio Sutegin ikusgai duzuen erakusketak. Iragan larunbateko Zaintza Azokan parte hartu zutenen ekarpenak idatziz jaso dituzte herriratzeko. Horixe baitzen azaroaren 19an izandako jardunaldien helburuetako bat; ordura arteko lanketa ezagutaraztea eta ekarpenak biltzen segitzea, zaintza ekosistema propio bat eraikitzeko finkatua duten norabide horretan. 

Erakusketak 2021az geroztik orain arte Usurbilek alor honetan abian duen parte hartze prozesuak jorraturiko bidea ezagutu dezakegu. Bi faseetan bereizi duten prozesua; lehenengoan zaintzaz hausnartzen aritu ziren, eta bigarrenean eredu berria eraikitzeko osatu diren lau talde operatiboetan (zerbitzuak, komunitatea, gizarte zerbitzuak eta pertsona erabiltzaileak) bideratu duten lanketa.

Eta herritik sortu diren hausnarketa interesgarriak. Zaintza etxean? "Etxean bizitzeak ez luke izan behar emakumeon ordainetan, edo soilik emakumeen eskutan". Baliabideen beharra azpimarratu zuten. Zaintzari dagokionean, pertsonen nahiak aintzakotzat hartzen ote diren galdetuta, zaintza behar dutenen ahotsa falta dela, bakardadea, komunitatea aktibatu beharra, 

Gizarte zerbitzuei buruz dugun ikuspegiaren inguruan, diotenez, besteak beste, "laguntza eskatzen da, beste erremediorik ez dudanean". Laguntza eskatzearen bueltan dagoen estigma, urgentzia egoerei erantzuteak eragiten duen presioa.... 

Hausnarketa gehiago irakurtzeko aukera duzue egunotan Sutegiko erakusleihoan. Adi, zaintzari lotuta datozen deialdi hauei.

ZAINTZARI LOTUTAKO AGENDA
Egunotan...

Zaintza ekosistema eredu propioa eraikitzeko prozesuari lotutako erakusketa Sutegin.

Azaroak 26, larunbata
10:00-13:00
Bizipozaren 6. Jardunaldia Sutegin: “Zaintza sistema publiko-komunitarioaz: elkarrekin hausnartzen, partekatzen eta eraldatzen”.
Egitaraua:
1-“Munduak guztiontzat beharko luke, baina ez da” liburuaren aurkezpena. Peio Manterola Pavo eta Amagoia Mujika Telleria.
2-Gaur egungo markoaren kokapena.
Felix Arrieta Frutos.
3-Bizipozako elkarteen bizipenak.
Gure Señeak elkartea, Arnasa elkartea eta Pausoka elkartea.
4-Ondorioak.
Atsedenaldia
5-Mahai bueltan tertulia: Sistema publiko komunitarioa.
Zelai Nikolas Ezkurdia eta Felix Arrieta Frutos.
6-Zer dago gure esku? Mikro irekia.
7-Ondorioak.
Izen-ematea: 688 744 832 / bizipoza@bizipoza.eus


Abenduak 15, osteguna
"Zer dira zaintzen duten herriak?" hitzaldia.
Hizlariak: Oihane Ruiz arkitektoa, Col-lectiu Punt 6 eta Nora Erdozia Usurbilgo Udaleko arkitektoa.
Zehaztasunak: "Gure herrien antolaketari erreparatu nahi diegu. Askotan merkatuen mesedetan daude antolatuak, ez egunerokotasunak sortzen dituen beharren mesedetan. Hitzaldi honetan zainduak sentitzeko zer behar dugun, horri buruz ariko gara". Usurbilek gai honetan egindako ibilbidea ezagutzeko aukera egongo da besteak beste.

Urtarrilak 27, ostirala
"Zaharrak gara eta libre" hitzaldia.
Hizlariak: Miren Aranguren (Emagin elkartea), Mari Luz Esteban (EHUko irakaslea), Ruth Iturbide (NUPeko irakaslea).
Zehaztasunak: "Nola nahi dugu zahartu? Nola nahi dugu hil? Azken urteotan zahartzaroaren ikuspegi feministatik ekarpen oso esanguratsuak egin dira azken urteotan. Horretan ezinbesteko lana bilakatu zaigu Mari Luz Estebanek argitaraturiko "Andrezaharren Manifestua". Esteban gonbidatuko dute solasaldira. Adinkeria eta adinkeria generoarekin nola gurutzatzen den ere aztertuko dute baita "horrekin zer ondorio dituen, zer zapalkuntza eta indarkeria adierazpen dituen". 

Informazio gehiagorako eta izen-ematea:
gizarte-zerbitzuak@usurbil.eus
943 377 110
usurbil.eus/zaintza-azoka

Antolatzaileak: Usurbilgo Udala, Emagin, Matia, Gipuzkoako Foru Aldundia.