Aktibatzen

Usurbil are gehiago aktibatzeko plan estrategikoa prest

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 24a, 13:27

2022-26 urtera arteko "Aktibatzen" izeneko jarduera fisikoaren eta kirolaren plan estrategikoa aurkeztu dute. Azken urtebetean Udala, eragileak eta herritarrak bidelagun izan dituen prozesuaren emaitza izan da.

Jarduera fisikoa eta kirola egiten dutenen artean, ohitura osasuntsuok mantendu eta sustatzearekin batera, bereziki zaintzaren alor hau lantzen ez dutenak erakartzea du helburu "Aktibatzen" izeneko plan estrategikoak. Egunotan aurkeztu dute, herrikideak, eragileak kide izan dituen urtebeteko parte hartze prozesutik 2022-26 urtera arteko "politika, programa eta jardueren oinarriak" biltzen dituen plangintza. "Jarduera Fisikoa eta Kirola modu zabal eta inklusibo batean garatu ahal izateko hausnarketa kolektiboa izan da". Hasieratik helburu argi bat izan duena; "ez aktibo diren herritarrak aktibo bihurtzea".

Urtebeteko prozesuan, "herriko eskaintza, kirol instalazioak, kluben kudeaketa eta dirulaguntzak edo Eskola Kirola" gaiok ahotan hartu dituzte. Hortik lau helburu estrategiko eta 17 programa marraztu dituzte. Modu honetan, "Garen Kirola" izeneko helburuaren bueltan, Eskola Kirola propioa sustatzea, euskararen aktibazioa, berdintasuna eta inklusibotasuna eta tarifa sozialak izango dituzte aurrera begirako lan-ildoen artean. 

Kirol jasangarria sustatu nahi dute baita, eta horretarako mantentze lan eta inbertsioak iragarri dituzte, kirol jarduerak aire librean egitea erraztea. Gobernantza partekatua, etorkizuneko beste lan-ildoetako bat eta bere baitan, partaidetza eta lankidetza espazioak, klubak indartzea edota kirol espazio digitalak sustatzea. 

Bizi osorako ohitura osasuntsuak bultzatu nahi dituzte baita; gazteen artean nahiz seniorrenean. Kalea, familiak aktibatu nahi dituzte, belaunaldi ezberdinetako herrikideak. "Ikuspegi zabal eta inklusibo bat garatuko duen kirol politika bat diseinatzea izango da erronka: izan jaioberri edo adineko, edozein dela ere norberaren generoa edo sexu orientazioa, non arrakala sozioekonomikoa ez den oztopo izango eta euskarazko eskaintza anitza izango duena ardatz".

Azterketak eta hobekuntzak
Epe motzean bideratu nahi dituzten erronka zehatzak ezagutzera eman dituzte. Abian den 2022-23 denboraldi honi begira, LH 5 eta 6 mailetako Eskola Kirolaren ereduaren inguruko hausnarketa bideratu nahi dute eragileekin. Klubetako kirolariek ordaindu beharreko kuotei lotutako azterketa bat ere egin asmo dute. Laster, abenduan bertan zoru pelbikoaren ikastaroa antolatuko dute emakumeentzat. Kirol instalakuntzetan ere hainbat hobekuntza iragarri ditu udal gobernu taldeak. Batetik, Oiardoko harrera gunea herritar guztientzat irisgarri izateko gunea egokitzea; Usurbilgo frontoia margotzea; edota Haraneko belar artifiziala berritzea.


2026ra arteko plan estrategikoa aipatu moduan, azken urtean jorratu duten Udalak, herrikide eta eragile hainbatek jorratuko duten parte hartze prozesutik eratorritakoa da.

Besteak beste, inkesta bat osatzeko gonbita luzatu zuten urte hasieran, usurbildarren bizi ohituren edota herrian dagoen kirol eskaintza eta azpiegiturei buruz hausnartzeko. Galdetegi hauetatik azpimarratzeko moduko emaitzak jaso dituzte proiektu honen sustatzaileek. Honako hauek adibidez. 


Aktibatzen prozesuko inkesten emaitzak (2021-22 denboraldiko datuak)
-Inkestan parte hartu zuten herritarrak: 416 (gehi 12-16 urte arteko 218 lagunek). 
-Generoaren arabera: %58 emakumezkoak, %39 gizonezkoak, %1 ez-bitarrak.
-Lizentzien ehunekoa, generoaren arabera: %31,3 emakumezkoak, %68,7 gizonezkoak.
-Entrenatzaileen ehunekoa, titulazio mailaren arabera: %51 titulurik gabe, %19 3. maila, %17 2. maila, %13 1. maila.
-Entrenatzaileen ehunekoa generoaren arabera: %83 gizonezkoak, %17 emakumezkoak.
-Zuzendaritza karguetan: %72 gizonezkoak, %28 emakumezkoak. Lehendakaritzan 5 gizonezko eta 2 emakume, lehendakariordetzan 4 gizonezko eta emakume bat, idazkaritzan bina gizonezko eta emakumezko, zuzendaritza teknikoan gizonezko bat eta emakumerik ez, diruzaintzan gizonezko bat eta bi emakume, batzordekideetan 8 gizonezko eta emakumezko bat.

Eskola Kirola eta Kirola DBH-n 
Parte hartzearen bilakaera:
2019-20: %46,7 neskak, %53,3 mutilak.
2020-21: %45,9 neskak, %54,1 mutilak.
2021-22: %47,5 neskak, %52,5 mutilak.

Egindako jarduera kopurua:
Jarduerarik ez: nesken %11,4, mutilen %11,2.
Jarduera bakarra: nesken %48,8, mutilen %42,3.
Bi jarduera: nesken %22,6, mutilen %37,3.
Hiru jarduera: nesken %11,4, mutilen %9,2.

DBH-ko gazteek proposatutako jarduerak
Boleibola (%16,67), saskibaloia (%14,81), padela (%14,20), tenisa (%14,20), badminton (%4,32), eskalada (%3,70)...  

Jarduera fisikoa egiteko ohitura
-Gehienek intentsitate erdiko jarduera fisikoa egiten dute. Emakumezkoek baita jarduera fisiko arina, eta gizonezkoek errendimendu edo lehiazko jarduera fisikoa.
-Non? %47ak aire zabalean, %27ak udal instalakuntzetan, %15ak etxean, %6ak kirol-klubean, %3ak bestelakoetan eta %2ak gimnasio pribatuetan.
-Jarduera fisikorik egiten ez dutenen kasuan, arrazoiak: denbora falta, kontziliazio arazoak edota motibazio falta nagusiki.
-Egiten diren kirol edo jarduera fisikoak: 259 lagun oinez ibiltzen dira, 164k mendi-ibilaldiak egiten dituzte, 101 korrika aritzen adira, 99 gimnasioan, 89 txirrindularitzan, 76 igeriketan, 28 futbolean, 14 pilotan, 9 eskubaloian, 2 aretoko jardueretan, bakarra saskibaloian eta 6 lagunek ez dute jarduerarik egiten.

Kirol instalakuntzak
Proposamenak: 
-12-16 urtekoen artean: padel pistak, boleibol pista, tenis pista, Harane berritzea, skate parkea berritzea.
-16 urtetik gorakoen artean: padel pistak, Oiardo kiroldegiko gimnasioko hobekuntzak, igerilekua handitu eta hobetzea, aire libreko instalakuntzak.

Emaitzak xeheago eta planari buruzko informazioa hemen: usurbil.eus/eu/aktibatzen