Azaroak 25

Kafe Tertuliak mobilizatzeko deia egin du gaurko, Gazte Asteburua abiatzeko

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 25a, 07:07

Azaroaren 25a gaur, indarkeria matxista salatzeko egun honetan, Kafe Tertuliak elkarretaratzea deitu du 19:00etan Mikel Laboa plazan. Gazte Asteburuari ekiteko lehen hitzorduetako bat izango da.

"Sistema honetan elkar zaintzea erradikala delako, neska* gazteok autodefentsa feminista" aldarriaren bueltan, "Kafe tertuliatik azaroaren 25ean elkarteratzeko deialdia egin nahi dugu zapalkuntza honi aurre egiteko. Sistema honetan elkar zaintzea erradikala delako, animatu elkarteratzera!". Azaroak 25 ditu gaur, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna. Ostiral honetan mobilizatzera deitu du Kafe Tertuliak 19:00etan Mikel Laboa plazan. Hitzordu honekin abiaraziko dute Gazte Asteburua: solasaldia, mobilizazioak, gazte afaria, kontzertuak... egitarau zabala josi du Usurbilgo gazte mugimenduak egunotarako.

Puntu Beltzen lanketa
Bide batez, gogoan izan, Kafe Tertulia iragan urria amaieran eginiko Egun Morean, Usurbilgo Puntu Beltzak identifikatzeko lanketari ekin ziola. “Guk burututako identifikazioaz gain, Usurbilgo emakume* guztien parte hartzea bultzatu nahiko genuke, ahalik eta Puntu Beltz gehien identifikatu ahal izateko”, berri eman dute Kafe Tertuliatik.



Gazteen osasun psikosozialari buruzko lanketa
Usurbilgo Ernaik bestalde, “herriko gazteon osasun psikosozialaren egoera erreala zein den identifikatzeko” egitasmoa abiarazi du. "Belaunaldi krisi anizkoitzak gogor kolpatzen gaitu gazteak, gure osasun mentala kinka larrian jarriz sarritan. Baina behin eta berriz esango dugu, hau ez da kristalezkoak garelako!".

Gai honi lotuta gazteek dituzten behar eta interesei buruzko hausnarketa fasearekin ekingo diote proiektuari. "Gazteongan kezka handienak sortzen dituzten faktoreak identifikatze aldera, entzute prozesu batekin hasiko dugu dinamika, berau oinarritik ahalik eta partehartzaileena izan dadin"
. Sare sozialetan eseki duten galdetegia betetzeko gonbita luzatu dute. "Herriko gazteok osasun mentalarekiko daukagun hurbiltasuna neurtzeaz gain, ditugun behar eta interesak identifikatuko ditugu, gazteontzat esanguratsuenak diren gaiak biltzeko eta hauekin lanketa ezberdinak bideratzeko". 

GAZTE ASTEBURUA
Azaroak 25, ostirala
18:00
Gazte Kedada eta Mural Margoketa.
19:00
Azaroaren 25eko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Kafe Tertulia.

20:30 Gazte Txupinazoa eta ekitaldia.

22:00 “Gazteon behar eta erronkei aztarrika” gazte lokalean.
Jarraian: Euskaraldiari babesa adierazteko argazkia.


Azaroak 26, larunbata
11:30 Miseriaren oka.

13:00 Kuadrila arteko paella lehiaketa eta bazkaria bertsolariekin.
Bertsolariak: Jon Altuna, Harri Agirresarobe, Unai Azpiroz.

*Arroza/gatza/olioa gure esku* .

Jarraian: HiXelfi erronka. 

18:00 DJ ibiltaria.

20:30 Maria Angelesi elkartasuna adierazteko kontzentrazioa.

21:00 Gazte Afaria + Sorpresa. Txartelak Aitzagan eta Txirristran azaroaren 23ra arte salgai.

Ondoren, kontzertuak: Galazota, Dena, Dj Ztart.

Azaroak 27, igandea
12:00
GuraSOSek deitutako erraustegiaren aurkako manifa Donostiako Kursaalen.


Antolatzailea: Aztarrika gazte asanblada.