Azaroak 25

Indarkeria matxistaren aurrean, antolakuntza feminista aldarrikatu dute

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 25a, 21:54

Kafe Tertuliak deituta, elkarretaratzea egin dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Egun honetan, iluntze partean Mikel Laboa plazan. Aurtengoan, eguneroko beldur eta tentsio egoerak ekarri nahi izan dituzte mobilizazioaren erdigunera, baita azken asteotan Usurbilgo puntu beltzak identifikatzeko bideratu duten lanketa.

"Aurten, egunerokoan jasaten ditugun beldur eta tentsio egoerak azpimarratu nahi ditugu. Sistematikoki jasaten dugun errealitateak, gure egunerokotasuna segurtasunez gauzatzea oztopatzen digu eta hori isilpeko biolentzia da", salatu du Kafe Tertuliak Indarkeria Matxistaren Kontrako Egun honetan Mikel Laboa plazan deitu duen elkarretaratzean. Gainera, "hori gutxi ez balitz, indarkeria honen erantzule eta arduradun emakumeak egiten gaituzte". 

Kafe Tertuliatik Usurbilen badauden puntu beltzak identifikatzeko lanketa bideratu dute azken asteotan. 
Lerrootan duzue Kafe Tertuliak plazaratu duen adierazpena osorik. "Gaurkoan, txoko esanguratsuenak puntu beltzez salatu ditugu", ez beldurra sendotzeko, "beldurraren indarkeria sistematiko hau gainditzeko tresna gisa bideratu dugu proiektua Usurbilgo emakumeen ahalduntzea bultzatuz".

Indarkeria matxistaren aurrean antolakuntza feminista aldarrikatu dute gaur iluntzeko mobilizazioan plazaratu duten adierazpen honetan irakur dezakezuen moduan.

A25
Beste urte batez, azaroaren 25ean indarkeria matxistaren aurkako aldarria egitera gatoz. Indarkeria estruktural honek gure bizitzak arriskuan jarri eta baldintzatzen jarraitzen dituelako. Aurten, egunerokoan jasaten ditugun beldur eta tentsio egoerak azpimarratu nahi ditugu. 

Sistematikoki jasaten dugun errealitateak, gure egunerokotasuna segurtasunez gauzatzea oztopatzen digu eta hori isilpeko biolentzia da. Indarkeria matxista, ez da kasu zehatz eta agerikoetan amaitzen, jaiotzez mehatxupean bizi izana errotutako beldurrak sendotzen du.

Beldur hortaz baliatzen da sistema cisheteropatriarkatua, indarkeria modu eraginkorrean biktimengan egunerokoan mantentzeko.

Hori gutxi ez balitz, indarkeria honen erantzule eta arduradun emakumeak egiten gaituzte. Egoera hau azaleko ikuspegi batetik interpretatuz, indarkeriaren sakoneko funtsa ezkutatzen dute. Fenomeno honen arrakasta, egunerokotasunean pairatutako isilpeko beldurrak normalizatu eta indibidualki erreproduzitu eta jasatea da.

Esaterako, tokian tokiko errealitateetara hurbiltzen bagara, indarkeria mota hau identifika dezakegu, salbuespenik gabe.

Usurbil herri nahiko segurua dela pentsatu dezakegu. Baina ezin gara hortan gelditu, indarkeria konplexutasunetik ulertu gabe.

Kafe Tertuliatik Puntu Beltzak izeneko proiektua abian jarri genuen ikasturteko ildo eta ekintza nagusi bezala. Segurtasunik bermatzen ez duten herriko kale edo txoko desberdinak identifikatzen jardun gara. Aldagai desberdinak kontuan izanik, zaurgarri sentitu garen lekuak puntu beltz moduan markatu ditugu. Dagoeneko luzatu genuen galdetegian jasotako emaitzei esker, gaurkoan, txoko esanguratsuenak puntu beltzez salatu ditugu.

Kafe Tertuliatik azpimarratu nahi dugu, puntu beltz moduan markatu izanak ez duela beldur hau sendotzea helburu. Izan ere, puntu horien eraberritze prozesua erraztu nahi dugu. Beldurraren indarkeria sistematiko hau gainditzeko tresna gisa bideratu dugu proiektua Usurbilgo emakumeen ahalduntzea bultzatuz.

Gizarte antolaketa feminista hau modu eraginkorrean martxan jartzeko, ezinbestekoa da herriaren partehartzea. Ahalik eta puntu beltz gehien eraberrituz, beldurra gure kaleetatik kanporatzeko! Kaleak ere gureak direlako! 

Ez gaudelako prest gure buruak etengabean arriskuan ikusteko eta indarkeria estruktural honetan bizitzeko. Atzo, gaur eta beti egingo dugu oihu, indarkeriaren aurrean antolakuntza feminista!