Azaroak 25

Sare: "Espetxearen eta espetxe-sistemaren izaera patriarkalak zigor bikoitza ezartzen die emakume presoei"

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 25a, 20:50

Azaroaren 25eko mobilizazioekin bat egin du Sarek iluntzean Mikel Laboa plazan deitu duen elkarretaratzean.

Azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Aurkako Egun honetan mugimendu feministarekin bat egin eta mobilizatu da Sare, baita Usurbilen ere. 19:00etan Kafe Tertuliak Mikel Laboa plazan deitu duen elkarretaratzean parte hartu du euskal presoen eta senideen eskubideen aldeko bilguneak. Azaroaren 25a hilabeteko azken ostiralean egokitu denez, ordubete beranduago Sarek berak elkarretaratzea egin du gune berean, frontoi atzean. "Gaur, Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean, Euskal Herriko leku askotan mugimendu feministarekin batera mobilizatu gara, eta adierazi dugu espetxearen eta espetxe-sistemaren izaera patriarkalak zigor bikoitza ezartzen diela emakume presoei, emakume izateagatik eta preso egoteagatik". 

Egun honetatik haratago, Sarek berri eman duenez "beste zazpi dira Euskal Herriko espetxeetara iritsiko direnak egunotan, eta horrek dispertsioaren eta urruntzearen behin betiko amaierara hurbiltzen gaitu". Honako hau berri pozgarritzat jo duen arren, "oraindik lan handia dugu egiteko, 14 direlako Espainiako espetxeetan preso jarraitzen dutenak, 12 Lannemezan eta Reaun geratzen direnak, eta 25 erbesteratu eta 5 deportatuak. Aipatu behar dugu joan zen astean Ihintza Bidartek pairatutako kotxe-istripua, Lannemezanetik zetorrela, bere bikotea den Xabier Goienetxea presoa bisitatu ondoren. Egoera honekin bukatu beharra dago!", exijitu du Sarek gaur iluntzeko elkarretaratzean.

"Ez dute lortuko guk atzera egitea"
Testuinguru honi aurre egiteko formula gogorarazi dute; "konpromisoa, mobilizazioa kalean eta lana", helburu argi batekin; "salbuespenarekin behin betiko amaitzea, gradu-aurrerapenak eta baimenak desblokeatzetik hasita, Espainiako Auzitegi Nazionalak geldiarazteko ahalegina deuseztatu arte". Gogorarazi dutenez, Joseba Arregi berriz Martutenen espetxeratu dute. Berari eta "gradu erregresioa pairatu duten beste zazpi presoei" besarkadak helarazi dizkiete. "Eskuinmuturreko lobbyari kasu eginez, Auzitegi Nazionalak mendekuan oinarritutako erabakiak hartzen jarraitzen" duela salatu dute. 

Halere, "ez dute lortuko guk atzera egitea", iragarri dute. "Presoen eta haien senideen egoera nabarmen hobetu da, eta hori posible izan da gizarte zibilaren eta eragile politiko eta sozialen bultzadari esker. Eta horregatik kalean jarraituko dugu". 

Mobilizazio gehiago iragarri ditu Sarek urte amaierarako eta 2023ari ekiteko. "Datorren astean, Sara Fernandez dispertsioaren biktima gogoratuko dugu Iruñean". Abenduko azken ostiralean ez da elkarretaratzerik izango, astebete lehenago baizik, formatu berri batean eta Sutegin; herriko sortzaileen eskutik kantuan agurtuko du urtea Sarek. Urteko azken egunean Martuteneko espetxe atarian mobilizatzeko deia egin dute eta urtarrilaren 7an ohi bezala Bilbon. Egun horretan, "#etxerabideagertu Bilboko hitzordu handiaren unea iritsiko da, euskal preso, iheslari eta deportatu guztiek etxera itzultzeko prozesua egin ahal izateko bidean. Bi urte eta gero, denok izan behar gara Bilbon!".

Sareren datozen deialdiak
Abenduak 23, ostirala
20:00 "Kantuz etxera bidea gertu" Sutegin, herriko sortzaileekin.

Abenduak 31, larunbata
Martuteneko espetxe atarian mobilizazioa.

Urtarrilak 7, larunbata
17:00 Manifestazioa Bilbon, "Etxera bidea gertu" aldarripean.
Autobus zerbitzua Usurbildik.

Antolatzailea: Sare.