Gazte Asteburua

"Hausnartzeko, borrokatzeko, festarako eta aldarrikatzeko" Gazte Asteburuari ekin diote

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 25a, 21:34

Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak asteburu bete ekimen iragarri du datozen orduotarako. Gazteek gazteentzat eginiko egitaraua osatu dutela nabarmendu dute, frontoian ospatu berri duten hasiera ekitaldian.

Txupinazo eta guzti, abiatu berri dute Gazte Asteburua Usurbilen! Igandera arte, datozen orduotako herri bizitza gazteena izango da udalerri honetan, Aztarrikatik josi duten zikloari esker. "Egitarau borobil bat osatu dugu, herriko gazteek herriko gazteentzat. Aztarrikatik bi egunez, hausnartzeko, borrokatzeko, festarako eta aldarrikatzeko herriko kaleak gureganatuko ditugu", iragarri dute frontoian ospatu berri duten hasiera ekitaldian.

Zapiak janzteko gonbita egitearekin batera, "berotu motorrak, astindu garunak eta ekin borrokari! Gora Usurbilgo gazte mugimendua eta gora Aztarrika!" txalotuz hasi dute Gazte Asteburua.

Azaroaren 25a eta Maria Angeles
Aurtengoa, nabarmendu duten moduan, bi erronken bueltan egituratu dute. Batetik, Azaroaren 25 hau gogoan hartu dute. "Kaleak aldarriz betetzea tokatzen zaigu. Beste behin ere garbi utzi nahi dugu, gure kale eta jaietan ez dugula inolako eraso matxista, homofobo eta transfoborik onartuko. Ez badakizu egoten, ez etorri!".

Etxebizitza arazoen gaiari ere helduko diote. Maria Angeles Otaegi 80 urteko herrikideak bizi duen egoera salatu eta elkartasuna adieraziko diote, larunbat iluntzerako deitu duten elkarretaratzean. "Etxebizitzaren inguruko arazoek ez digute gazteoi soilik eragiten. Oraingoan putre-funtsek herriko adineko emakume bat jarri dute jopuntuan. Guk garbi daukagu, etxebizitza eskubide bat da, ez merkantzia bat eta horregatik ez dugu etsiko Maria Angeles bere etxean geratuko dela bermatu arte".  

Hementxe Gazte Asteburuak dakartzan hitzorduak:


GAZTE ASTEBURUA
Azaroak 25, ostirala
22:00 “Gazteon behar eta erronkei aztarrika” gazte lokalean.
Jarraian: Euskaraldiari babesa adierazteko argazkia.


Azaroak 26, larunbata
11:30 Miseriaren oka.

13:00 Kuadrila arteko paella lehiaketa eta bazkaria bertsolariekin.
Bertsolariak: Jon Altuna, Harri Agirresarobe, Unai Azpiroz.

*Arroza/gatza/olioa gure esku* .

Jarraian: HiXelfi erronka. 

18:00 DJ ibiltaria.

20:30 Maria Angelesi elkartasuna adierazteko kontzentrazioa.

21:00 Gazte Afaria + Sorpresa.

Ondoren, kontzertuak: Galazota, Dena, Dj Ztart.

Azaroak 27, igandea
12:00
GuraSOSek deitutako erraustegiaren aurkako manifa Donostiako Kursaalen.


Antolatzailea: Aztarrika gazte asanblada.