Udaletxe aurreko plazari Joxe Martin Sagardia izena eta plaka kentzea eskatu dio Espainiako Gobernuaren ordezkariak Udalari

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 26a, 10:58

Espainiako Gobernuak EAE-n duen ordezkariak aipatu eskaera betetzeko hilabeteko epea eman dio Usurbilgo Udalari.

Udaletxe aurreko plazak izen propioa du 1982. urteaz geroztik; Joxe Martin Sagardiarena. Plaza honi izena eta bere omeneko plaka kendu nahi diote 40 urte beranduago. Hala jakinarazi du Usurbilgo Udalak azken orduotan. Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Denis Itxasok "Joxe Martin Sagardia plazari izena aldatu eta haren omenezko plaka kentzeko" eskatu dio Udalari, "Terrorismoaren Biktimak Aitortu eta Osorik Babesteko legea (29/2011) urratzen duelakoan". 

Eskaera hau betetzeko hilabeteko epea eman dio Usurbilgo Udalari. Jasotako eskaera salatu du udal gobernu taldeak. “Bizikidetzaren aurkako neurria da, estatu indarkeria ezabatzeko nahia atzean ezkutatzen duena. Euskal Herrian, tamalez, indarkeria asko egon dira, eta guztiek eragindako biktimak aitortu behar dira”.

Biktima gisa izendatua Gogora Institutuak
Udala une honetan adituak diren kontrataturiko abokatuekin azterketa juridikoa egiten ari dela berri eman du helburu argi batekin, "40 urtez egon den izendapen horren defentsa egiteko". Aipatu moduan, 1982an izendatu baitzuten udaletxe aurreko plaza, Joxe Martin Sagardia plaza gisa. Orduko udalbatzak erabaki zuen izendapena. "UHL-k proposatu zuen udaletxeko plazari izena aldatzea, ordura arte Tiloen plaza zena, Sagardiaren hilketaren bigarren urteurrenean. BVE Batallon Vasco Españolek hil zuen Sagardia usurbildarra, Miarritzen errefuxiatuta zegoela, auto azpian lehergailua jarrita". 

Proposamen berean, "UHL-k salatu zuen Frantziako Gobernuak hilketaren aurrean agertutako “pasibotasuna”, Euskal Herriaren aurkako estatu-jazarpena babestuz. Bestetik, plazari izena aldatu eta plaka jartzeko eskaera egin zuen. Mozioa puntuz puntu bozkatu zuten, eta izen aldaketari zegokion puntua honela gelditu zen: bost zinegotzik alde bozkatu zuten, hiruk kontra eta batek abstentziora jo zuen".

Aurreko legealdian, Gogora Institutuak biktima gisa aitortu zuen Joxe Martin Sagardia. Horregatik udal gobernu taldearen esanetan, Espainiako Gobernuaren ordezkariak eginiko eskaera "bizikidetzaren aurkako eskaera bat ez ezik, herritarren gehiengoaren borondatearen eta dalen autonomiaren aurkako neurria da".