Gazte Asteburua

"Herriak bakarrik salba dezakeelako herria, batu gaitezen borrokara!"

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 26a, 21:10

"Etxekaleratzeen aurrean herri elkartasuna. Putre-funtsik ez!" aldarripean, Aztarrika gazte asanbladak deitutako elkarretaratzea egin berri dute Mikel Laboa plazan.

Maria Angeles 80 urteko herrikideak bere etxean segi ahal dezan borrokatzeko herri bilgunea osatu zuten iragan urrian Artzabalen egindako bilera batean. Aztarrika gazte asanbladako kideek ere salaketa eta elkartasuna uztartzen dituen plataformarekin bat egin zuten.

Horregatik, Gazte Asteburu betean dira oraintxe eta tartea egin nahi izan diote, nola ez, Maria Angelesek bizi duen bidegabekeria salatu eta babesa adierazteko. Elkarretaratzea egin berri dute Mikel Laboa plazan. "Etxekaleratzeen aurrean herri elkartasuna. Putre-funtsik ez!" aldarripean, deialdiokin bat egitera animatu dute herria. "Aztarrikako gazteek herrian arazoari aurre egiteko sortu den plataforman parte hartzen dugu eta beraz, dei egiten diogu gazteria guztiari, eta bide batez herritar orori, beste alde batera begiratzeari utzi eta antolatzen diren deialdietan parte hartu dezaten". Izan ere, gogorarazi dutenez, "herriak bakarrik salba dezakeelako herria, batu gaitezen borrokara!".

Gaurko elkarretaratzea ezinbestean egin behar izan dutela salatu dute, "ez digutelako beste aukerarik uzten. Ez digute beste aukerarik uzten, etengabe herritarrak gure etxeetatik botatzeko saiakeran dabiltzan horiek". Argi dago nortzuetaz ari ziren. "Beraien poltsikoak betetzearen aitzakian, gure bizitokiekin jolastu dezaketela uste duten horiek. Oraingoan Maria Angelesi tokatu zaio hau bere azalean bizitzea. Banku, putre-funts eta epaile, etxebizitza eskubidea ilusio hutsa dela gogorarazi digute, beste behin ere. Honen aurrean guk garbi daukagu zein den gure eginkizuna, elkartasuna, elkartasuna... eta elkartasuna".