Pentsioen %8,5eko igoera, "Pentsiodunen Mugimenduaren 1.080 euroko aldarrikapenetik oso urrun"

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 30a, 10:02
Artxiboko irudia.

Espainiako Gobernuak pentsioak %8,5 igoko direla iragarri duen honetan, 1.080 euroko aldarrikapenetik oso urrun dagoela gogorarazi du Pentsiodunen Mugimenduak.

Halere NOAUA!ra heralarazi duten ondoko adierazpenean nabarmentzen dutenez, "aurrekontu horiek 2021eko abenduan onartutako lege baten araberako errebalorizazioari eutsi izana, pentsiodunen mugimenduak astelehenetako mobilizazioei eutsi izanari zor zaio neurri handi batean, eta hori nahikoa arrazoi da gu zoriontzeko eta kalean jarraitzera animatzeko".

Pentsioak 2023rako aurrekontuen lege-proiektuan
Gobernuak 2023rako aurrekontuen lege-proiektua onartu du Diputatuen Kongresuan, babesa ematen dioten talde politikoen multzoarekin batera. Proiektu horrek pentsioen balioa handitzea aurreikusten du, 2022ko urte arteko bataz besteko inflazioaren arabera. Horrek esan dahi du kotizaziopeko pentsioak, gutxieneko pentsioa barne, %8,5 inguru igoko direla, eta kotizaziopekoak ez diren pentsioen %15eko igoerari eutsiko zaiola 2023an.

Finantza-sektore handien eta patronalaren kritikak gorabehera, aurrekontu horiek 2021eko abenduan onartutako lege baten araberako errebalorizazioari eutsi izana, pentsiodunen mugimenduak astelehenetako mobilizazioei eutsi izanari zor zaio neurri handi batean, eta hori nahikoa arrazoi da gu zoriontzeko eta kalean jarraitzera animatzeko.

Hala ere, %8,5 inguruko igoera horrek Pentsiodunen Mugimenduaren 1080 euroko aldarrikapenetik oso urrun dagoen gutxieneko pentsioetara garamatza, eta gutxieneko pentsioak hobetzea proposatzen duen 2020ko azaroko Toledoko Itunaren 5. Gomendioa ere ez du kontuan hartzen; proposamen hori ez da tratatu 21/2021 Legean, eta ez da ezagutzen gobernuak pentsioen erreformaren bigarren faserako egindako dokumenturik.

Duela urtebete baino gehiagotik jasaten dugun inflazio izugarria pentsiodun guztion poltsikoak zulatzen ari da, batez ere zenbateko txikiagoko ordainsariak jasotzen dituztenena, baina pobretze horrek erretiratu guztioi eragiten digu. Gizarte Segurantzako eta INEko estatistika ofizialen arteko alderaketak argi erakusten du erosketa-saskiaren garestitzea askoz ere proportzio handiagoan hazten dela, pentsioen batez besteko zenbatekoa igotzen dena baino.

Kongresuko hainbat talderekin bildu gara Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua eta urriaren 15ean Madrilen manifestatu ginen Estatuko gainerako mugimendu eta plataformekin batera, aurrekontu hauek onartzea erraztu dutenekin, hain zuzen: ERC, EHBildu, BNG, Compromis, Unidas Podemos eta PSOE (EAJk adierazi zigun ezin zela bertaratu), 220.000 pertsonek babestutako sinaduren dokumentuan jasotako premiazko aldarrikapenen berri emateko eta konpromiso zehatzak eskatzeko.

Gipuzkoako Pentsiodunok, berriz ere, nabarmendu eta eskertu nahi dugu astelehenero 58 hilabetez egiten ari garen ahalegin solidarioa. Ahalegin horrek, ziur gaude, gure pentsioen narriadura ekidin duela, eta mantendu egin beharko dugula bizi-baldintza eta pentsio duinak lortzeko.

Berdin dio nork gobernatu, guk pentsioak defendatu

Gipuzkoako Pentsiodunak