Buruntzaldeako Ernai, gaurtik Borroka Astean

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 1a, 08:03
Irudia: Ernai.

Abenduaren 1etik 10era Borroka Astea iragarri du eskualdean. Usurbilgo Ernaik gainera, gazteen osasun psikosozialaren inguruko galdeketari ekin dio.

Ekimenez josia dator abendua gazte mugimenduarentzat. Dinamika eta ekimen ziklo zabala iragarri du 2022a agurtzeko. Hasteko, Usurbilgo Ernaik “herriko gazteon osasun psikosozialaren egoera erreala zein den identifikatzeko” egitasmoa abiarazi du. "Belaunaldi krisi anizkoitzak gogor kolpatzen gaitu gazteak, gure osasun mentala kinka larrian jarriz sarritan. Baina behin eta berriz esango dugu, hau ez da kristalezkoak garelako!". 

Gai honi lotuta gazteek dituzten behar eta interesei buruzko hausnarketa fasearekin ekingo diote proiektuari. "Gazteongan kezka handienak sortzen dituzten faktoreak identifikatze aldera, entzute prozesu batekin hasiko dugu dinamika, berau oinarritik ahalik eta partehartzaileena izan dadin". Sare sozialetan eseki duten galdetegia betetzeko gonbita egin dute. Ernairen sare sozialetan dagoen loturan sartuta osatu dezakezue. Arlo ezberdinetako galderak jasotzen ditu. "Herriko gazteok osasun mentalarekiko daukagun hurbiltasuna neurtzeaz gain, ditugun behar eta interesak identifikatuko ditugu, gazteontzat esanguratsuenak diren gaiak biltzeko eta hauekin lanketa ezberdinak bideratzeko". Formazio eta hausnarketa saioak iragarri ditu datorren urte hasierarako.

Borroka Astea eta topaketak
Borroka Astea iragarri du Buruntzaldean bestalde, Usurbilgo nahiz eskualdeko gainerako herrietako Ernaik, abenduaren 1etik 10era. Etxebizitza, prekarietatea, euskara, makroproiektuak... eta gai gehiago hartuko dituzte ahotan, eskualdean egingo diren hainbat dinamiketan, “orokorrean bizi baldintza duinak lortzeko helburuarekin”. Usurbilgo Ernaitik bereziki, Potxoenean antolatu duten erraustegiari buruzko hitzaldira eta ekimen astea borobilduko duten Andoaingo hitzorduetara joateko deia egin du. GuraSOSek eskainiko duen saioari dagokionean, “borroka hau berpizteko” une ona dela deritzo Usurbilgo Ernaik, baina horretarako “herriaren beharra” dagoela nabarmentzen dute.

Lehen aldiz Ikama ikasleen mugimenduarekin lankidetzan, topaketak iragarri ditu baita herriko gazte antolakundeak abenduaren 27rako. Besteak beste, hezkuntzaren alorreko problematika mahaigaineratuko dute. Ikamak bere aldetik, abenduaren 15erako ikasleen greba deitu du. Mobilizazioak izango dira hiriburuetan. Usurbildik Donostiara joateko deia egin dute. “Ikasleon beharrak azaleratu nahi ditugu. Hezkuntza sistema publikoa, euskalduna, feminista eta burujabea lortzeko joango gara”.


Gazte mugimenduaren deialdiak
Abenduan zehar
Usurbilgo gazteen osasun psikosozialaren egoera erreala identifikatzeko galdetegia betetzeko deia.
Deitzailea: Ernai.

Abenduak 1-10
Borroka astea Buruntzaldean:
-Abenduak 1, 18:30 “Gazteok eta Euskara: benetan euskaraz bizi gaitezke?” hitzaldia Lasarteko Xirimiri elkartean. Hizlariak: Adur Berasategi (Ernai), Oier Errementeria (Gazte Euskaltzale Sarea) eta Maialen Iñarra (Zubietako soziologoa).
-Abenduak 2, 18:30 “Gazteon Lan Eskubideak: eta zuk ba al dakizu zein diren zureak?” hitzaldia Andoaingo Gaztetxean, LAB sindikatua eta Ernairen eskutik.
-Abenduak 3, Euskararen Eguna.
-Abenduak 4, “Makroproiekturik ez!”.
-Abenduak 5, 16:30 “Gazteok kale gorrian!”. Kanpaldi kolektiboa Hernaniko Plaza Berrin. Ekarri kanpinak, koltxoiak, estufak, kazuelak...
-Abenduak 6, “Espainiar Konstituzioari Ez!”.
-Abenduak 7, 18:30 “Gazteok eta eta etxebizitza: etxebizitzarekin gazteok zer?” hitzaldia Hernaniko Biterin. Hizlariak: Iker Eizagirre (Ernai), Hernani Buru Jabe eta Eraitz Saez (EHBildu).
-Abenduak 8, “Gazteok ilunpetan”.
-Abenduak 9, 18:30 Potxoenean: “Errausketarik ez! Erraustegiaren aurka herria berraktibatuz, ez dadila haria eten” hitzaldia GuraSOSen eskutik.
-Abenduak 10, 18:00 Mobilizazioa Andoaingo Goiko Plazatik, “Gazteok dena aldatzera orain!” aldarripean. 22:00 Kontzertuak (Perlata eta Iheskide) eta ekitaldia Andoaingo Gaztetxean.

Antolatzailea: Ernai.

Abenduak 15, osteguna
Ikasleen greba eguna. Mobilizazioa Donostian.
Deitzailea: Ikama.

Abenduak 27, asteartea
Topaketak.
Amaieran, afaria.
Antolatzaileak: Ernai eta Ikama.