Udalbatzarra

Urriaren 31ko oroimen egunari lotutako mozioa ez dute onartu

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 30a, 09:29
Hiru udal taldeetako ordezkariak, irailaren 18ko Irubideko ekitaldian.

Urriaren 31 “Estatu-kolpe militarraren, Gerra Zibilaren eta Diktaduraren biktima guztiak oroitzeko eta omentzeko eguna” izendatzea proposatzen zuen mozioa aurkeztu zuen PSE-k azaroaren 24ko osoko bilkuran. Eta aurrerantzean egun horretan, “bidezkotzat jotzen diren eta urriaren 31rako egokiak diren hedapen-ekitaldi, -jarduera edo –ekintza guztiak prestatzea”. EHBilduk eta EAJ-k aurka bozkatu zuten eta testua ez zuten onartu.

Madrilen Memoria Demokratikoaren Legearen alde bozkatu arren, EHBilduk hainbat punturekiko desadostasuna agertu zuela gogorarazi zuten udal gobernu taldetik, besteak beste, urriaren 31 oroimen eguna izendatzearekiko, aipatu legeak aitortzen duen moduan, egun horretan baina 1978. urtean onartu baitzuten Espainiako Konstituzioa. “Konstituzio horrek Francoren oinordeko den Erregea ezartzen du, depuraziorik gabeko ejertzito frankistari batasun nazionalaren defentsaren eskumena eskaintzen dio eta herri gisa ditugun eskubideak ukatzen ditu”.

Horregatik, EHBildutik ziotenez, “frankismoaren biktimei errekonozimendua egin nahi diegu bai, baina, ez egun horretan”. Usurbilen irailaren 18a proposatua zuten “faxistak gure herrira sartu zireneko eguna”, Usurbil 1936 elkartea oroimen historikoa berreskuratzeko egiten ari den lanketaren testuinguruan. Besteak beste, memoria lekuak sortzeko ahaleginaren baitan, irailaren 18an Irubiden egin zuten ekitaldian hiru udal taldeek adostutako adierazpena plazaratu zuten. EHBilduren esanetan, PSE-ren mozioak “batasun hori hausten du” eta “ez da egon batasun eta adostasun batera iristeko aukerarik”. PSE-tik Patxi Suarezek bere arrazoiak azalduak dituela adierazita, orain arte bezala, oroimen historikoa berreskuratzeko ekimenekin bat egiten segiko duela iragarri zuen.

Segidan, onartua izan ez zen mozioaren edukia:

Urriaren 31 dela-eta mozio/adierazpen instituzionala, Gerra Zibilaren eta diktaduraren biktimak oroitzeko eta omentzeko egunean
Gorte Nagusiek duela gutxi onartu zuten Memoria Demokratikoari buruzko Legea. Lege horrek, beste xedapen askoren artean, urriaren 31 Estatu-kolpe militarraren, Gerra Zibilaren eta Diktaduraren biktima guztiak oroitzeko eta omentzeko eguna izendatzea ezartzen du.

Usurbilgo Udalak bat egiten du egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta ez errepikatzeko bermeen Nazioarteko Zuzenbide humanitarioaren printzipioekin-memoria demokratikoari buruzko politika publikoetan nagusi izan behar dutenak-. 1936ko uztailaren 18ko Estatu-kolpe militarrean, Gerran eta Diktaduran izandako giza eskubideen urraketak berriro ez errepikatzeko memoria-betebeharrari laguntzen dio oroitzapen-egun hori ezartzeak. Horrela, gertaera traumatikoen esanahaiaren eta garrantziaren oroitzapena bizirik mantentzen laguntzen du, eta memoria kolektiboan gordetzen ditu gerraren hondamendiak eta totalitarismo mota guztiek eragindako gertakariak, baita biktimen duintasunaren erreparazioa ere, bai egungo herritarren artean, bai etorkizunekoen artean.

Horregatik, Usurbilgo Udalak honako hau erabaki du:
1-Urteroko urriaren 31ko oroitzapenekin bat egitea, Estatu-kolpe militarraren, Gerra Zibilaren eta Diktaduraren biktima guztiak oroitzeko eta omentzeko egun gisa.
2-Urtero, 2022tik aurrera, bidezkotzat jotzen diren eta urriaren 31rako egokiak diren hedapen-ekitaldi, -jarduera edo -ekintza guztiak prestatzea, Estatu-kolpe militarraren, Gerra Zibilaren eta Diktaduraren biktima guztiak oroitzeko eta omentzeko egunerako.