Udalbatzarra

Zapategi garatzeko pauso berria

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 30a, 09:00

Gureak eta Balfer inbertsoreak erakar ditzakeen jarduerak bilduko dituen lur-eremuaren garapenari begira urrats berri bat eman zuen udalbatzak azaroaren 24ko osoko bilkuran.

Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioen Berrikuspenaren Testu Bategineko Zapategi eremuaren aldaketa puntualari behin behingo onespena ematea erabaki zuten aho batez azaroaren 24ko osoko bilkuran. Espedientea EAE-ko Lurraldearen Antolamendurako Batzordera igorriko dute. Foru Aldundiak eman beharko dio behin betiko onespena. Michelin ondoko eremu honetan kokatuko dira Gureak eta covid19ak eragindako krisialdiaren baitan Elkarrek proiektua utzi ostean, horren ordez egitasmoan sartu den Balfer inbertsoreak erakar ditzakeen jarduerak. 

Hasierako onespena martxoaren 31ko osoko bilkuran eman zioten. Zapategiko lur eremua garatzea ahalbidetuko duen hirigintza hitzarmena behin betiko aho batez onartu zuten abenduaren 23ko udalbatzarrean, iraila bukaeran hasieraz onartu ostean. Hirigintza hitzarmen berriak duela hiru urtekoa, 2018ko urrian Elkar, Michelin, Gureak eta Udalak sinaturikoa ordezkatuko du.

115.000 metro karratuko azaleran, batetik Michelinek 70.000 metro karratuko eremua hartuko du bere jarduna finkatzeko, eta gainerako ia 50.000 metro karratuetan kokatuko dira Gureak eta Balfer inbertsoreak erakarri dezakeen enpresa(k). Erabilera industrialerako gune honetan, kontuan hartu nahi izan dute, pertsonen joan etorrirako eremua izatea, genero nahiz irisgarritasun ikuspegiak txertatu dituzte, baliabide naturalak balorean jarri nahi dituzte. "Proiektu hau, eremu degradatua berrerabiltzeko apustua" izango da.

Hirigintza hitzarmen hau Usurbilgo herriarentzat diru-iturri garrantzitsua izango da; %15a Udalak eskudirutan jasoko duela berri eman dute ostegun honetako udalbatzarrean, 862.000 euro guztira. Proiektuaren onurak haratago doaz, 700 lanpostu (gehienak lekuz aldaturikoak) erakarriko baitituzte Zapategi eremura.