Mikel Laboa gogoan

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 1a, 12:46

Laboak utzitako ondarea entzungai izango da egunean zehar, bere omeneko plazan, Mikel zendu zeneko hamalau urte bete diren abenduko lehen egun honetan.


Zendu zela hamalau urte gaur, herri honen oroitzapenean bizirik jarraitzen du ordea. 2008ko abenduaren lehenean hil zen Mikel Laboa omentzen du urtero herri honek eta gaurkoa ez da salbuespena izaten ari. Egun osoz, bere sorkuntza lanaz gozatzeko aukera izango da Usurbilgo Udalaren eskutik, nola ez, bere omeneko plazan, frontoi atzealdean. 

Muralaren 50. urtemuga
Hamabosgarren urtemuga izango da 2023koa. Urte berezia Laboaren omeneko eskultura eta plazarentzat. Plazari begira den Jose Luis Zumetaren muralak 50 urte beteko ditu. Eraberritu egingo dute. Horrekin batera, bi erakusketa iragarri zituzten urriaren 14an, Usurbilgo turismo eredu berriaren bueltan Jon Maiak herri honentzat diseinatu duen egitasmoaren aurkezpenean; "bat, horma-irudia nola egin zen azalduko duena, eta beste bat Zumeta eta Usurbilen arteko lotura erakutsiko duena". Bideo artistiko batzuk ere grabatu nahi dituzte, "horma-irudiaren aurrean Euskal Herri mailako artistak jarriaz". Ekimen guztiok helburu nagusi baten bueltan bideratu nahi dituzte; "horma-irudi hau dagokion lekuan jartzea Euskal Herri mailan eta Euskal Herriko irudi ikonikoetako bat izatea". 

Horrekin batera, Laboa kide zuen Ez Dok Amairu mugimenduari eskainitako parkea egokitzekoak dira Aranerrekako eremu berrituan. "Usurbilgo Artzetarrak eta Jose Luis Zumeta abiapuntutzat harturik, Ez Dok Amairuren unibertso imaginario bat" sortu nahi dutela iragarri dute udal gobernu taldetik. 2023an zabaldu asmo dute.