Euskaraldia

Jolasean, jauzika eta abestuz plazaratu du Udarregi Ikastolak Euskararen Eguna

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 2a, 13:55

Ziklo guztiak biharko Euskararen Egunari lotutako ekimenetan murgildu dira azken orduotan. Lehen Hezkuntzakoak herriko plazara eraman dute euskaraz bizitzearen aldeko aldarria.

"Guk euskaraz, zuk zergatik ez?" entzun dugu ostiral eguerdi honetan Mikel Laboa plazan, herriko belaunaldi gazteenaren ahotik. Biharko Euskararen Eguna egunbete aurreratu eta euskaraz bizitzeko hautua herriko plazaraino eraman dute Udarregi Ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleek. Irrintzika, herri kiroletan, soka saltoan, dantzan, txapel jaurtiketan... aritu dira Kaleberriko plaza ezberdinetan; Askatasuna plazan, sagardoari eskainitakoan, frontoian, udaletxe aurrean edota Mikel Laboa plazan. Denetan euskaraz.

Frontoi atzealdean bildu dira amaieran LH-ko talde guztiak; euskarari euskaraz gogotsu abesteko, hitzordura joan diren senideen aurrean. Gainerako ziklo guztiak ere bihar aldarrikatuko den Euskararen Egunaren bezpera honetan, Euskaraldia amaituko den ostiral honetan hain zuzen, denetariko dinamikak egin dituzte ikastetxe barruan.

Laster ikusiko ditugu berriz plazan, datorren abenduaren 22an. Eguberrietako oporraldian murgildu aurretik, urte garai horretako abestiak kalez kale kantatzera irtengo dira.