Hondakinen larrialdi guneak, telefono bidez irekitzeko aukera

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 3a, 11:10

Giltza fisikoa eskuratu beharra zegoen orain arte hondakinen larrialdi guneetara sartzeko. Aurrerantzean, mugikorra giltza gisa baliatu ahalko dela berri eman du Usurbilgo Udalak.

Giltza fisikotik elektronikora jauzia egin du Usurbilgo Udalak. Orain arte, hondakinen larrialdi guneak baliatzeko ezinbestekoa zen Atez Ateko bulegora joan eta giltza fisikoa eskuratzea. Aurrerantzean ez da halakorik egin beharko; "Android zein iOS telefonoetan erabilgarria den aplikazio baten bidez, telefonoa erabili ahal izango du giltza bezala". Halere, Udaletik ohartarazi dutenez, "giltza fisikoarekin jarraitu nahi duenak ere horretarako aukera izango du".

Giltza elektronikoa baliatu nahi duenak, aipatu larrialdi guneak irekitzeko egin beharrekoa honako hauxe da; "Atez Ateko bulegoarekin telefonoz (900 776 776) edo Whatsapp edo Telegram (606 501 024) bidez jarri beharko dute harremanetan: erabiltzeko baldintzak betetzen badira, eta aplikazio hori instalatuta, Atez Ateko bulegoak larrialdi gunea telefonoarekin irekitzeko baimena eman ahal izango du".

Guneok erabiltzeko baimena dute batetik, landa eremuan bizi direnek, atez ate bilketa zerbitzurik jasotzen ez dutelako. Baita bilketa sistema honetara egokitu ezin dutenek, "larrialdi edo salbuespen egoerak medio". Egoera guztiotan ziren herritarrek ezinbestekoa zuten larrialdi guneetara sartzeko giltza eskuratzea. Landa eremukoen kasuan aski zuten behin eskatuta, "baina salbuespenez erabili behar dutenen kasuan, beharrezkoa zen Atez Ateko bulegora joatea". Kasuotarako alternatiba erosoago bat eskaini nahi izan du Udalak.