Errepideetako hondakinak baimenik gabe ari dira isurtzen Aritzetan

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 3a, 11:32
Argazkia: Usurbilgo Udala.

Gipuzkoako errepideetako mantentze lanetan bildutako hondakinak ez direla kudeatzen, besteak beste, Oria ibaian edota Aritzetan botatzen ari direla salatu dute egunotan Batzar Nagusietan. Usurbilgo Udalak isurketok berehala etetea galdegin du.

Usurbilgo Udalak urgentziazko neurriak hartzea eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Udaletxean egunotan izan dute gertaeron berri Berria egunkariaren bidez. "Azaroaren 28an, udaleko ingurumen teknikariak ikusi ahal izan du errepide garbiketa lanen ondorioz sor daitezkeen hainbat hondakin baimenik gabe isuri direla han; nahaste bituminosoak, ontzi arinak, pneumatikoak, izaera desberdineko plastikoak...". Gertatzen ari denaren berri jaso eta berresten izan da egunotan udal ingurumeneko teknikaria. "Horren ostean, txostena egin du, eskumenak dituzten erakundeei gertaeren berri eman eta neurriak har ditzaten eskatzeko".

Bi eskaera egin dizkio Udalak Bidegiri, isurketok bere lurretan gertatzen ari direlako. "Batetik, isurketa horiek berehala eten ditzala, eta, bestetik, proiektu bat egin dezala isurketen eremua zehaztu, eragindako kalteak aztertu eta eremua lehengora dezan. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailari berriz, lurzorua kutsa dezakeen jarduera izanik, eskatu dio hartu beharreko neurriak ezarri eta horiek betetzera behartuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak zehaztu ditzala. Azken eskaera, URA Agentziari bideratu dio: isurketa eremua Arpidegietako errekastotik gertu egonik, dagozkion neurriak har ditzala".

"Foru Aldundiak badaki"
Gipuzkoako Batzar Nagusiek ostegun honetan eginiko Bide Azpiegituretako Batzordetik heldu da salaketa mezua. Bilkura horretako eguneko gai-zerrendako lehen puntuak honela zioen: "Gipuzkoako AP-8, GI-20 eta AP-1 errepideen ustiapen, mantentze eta kontserbazio zerbitzuak ematen dituen ITS ABEEko langileen ordezkariaren eta sindikatuko aholkulariaren agerraldia".

Sektore honetako langileek zazpi hilabete daramate greban, lan baldintza prekarioak salatzen eta zerbitzuan iruzurrik ez egotea eskatzen. Lerrootara dakarkigu duela bi eguneko bileran gertatutakoa, herri honekin duelako lotura. Eraikuntza arloko ELA sindikatuko ordezkari Igor San Josek hartu zuen hitza eta errepideen kudeaketan lan egiten dutenen baldintza prekarioak salatzeaz gain, errepideen mantentze lanetako hondakinak baimenik gabe ingurunean isurtzen ari direla salatu zuten, besteak beste, Usurbilgo Aritzetan. Baita Orian ere, duela urte askotatik eta "hau Foru Aldundiak badaki" salatu zuen San Josek. Jakitun izan arren ordea, "ez zaio konponbide bat eman". Errepideen mantentze lanetako hondakinak kamioi batek bildu behar lituzkeela gogorarazi zuen.

Egoera honetan, urteotan gertaturikoa sakon ikertzea galdegin zuen. "Hau aldatu beharra dago, zerbitzu eredugarri eta seguru bat bermatu behar dugu".

Baimenik gabeko isurketa hauez gain, zerbitzu honi lotutako hitzartutako kontratua ez dela betetzen salatu zuen, gardentasun falta dagoela nabarmendu zuen. Besteak beste, baldintza prekarioak, ibilgailuen homologazio falta, errepidean lanean ari direnek bizi dituzten egoera arriskutsuak...  salatu zituen. Baita bajak eta oporraldietarako ordezkorik ez dela izaten eta "horregatik askotan bakarrik geratzen dira" lanean. Aldiz zerbitzu honen esleipeneko baldintzetan zehaztua dago aipatu sindikatuko ordezkariaren esanetan, binaka lan egin behar dutela. Hogeita biko lan taldetik bi dira soilik ofizialak, hamaika egon behar luketenean.

Kontratuan aldaketak izan badira "ikusi beharko da aldaketa horiek egitea posible den" eta aldatu badira "zeinen onurarako" izan den. Halere ELA-ren ordezkariak zioenez, "hau ez da diru kontua soilik, segurtasun arazoa baita. Pertsona hauen bizimoduak daude jokoan".

Batzarkideen erreakzioak
Adierazpenon aurrean, Elkarrekin Gipuzkoa batzarkideen taldetik entzuten ari zena "gai serio eta larritzat" jo zuen Arantza Gonzalezek. Arau hauste larritzat jo zituen ELA-ren ordezkariak azaldutakoak eta gertaturikoa ikertu eta konpontzeko prestasuna agertu zuen. Auziak "zerbitzu publikoen kontrol eta kudeaketari eragiten dio, baita diru publikoaren kudeaketa onari ere", enpleguaren eta zerbitzuaren kalitateari baita. Azpikontratazioa legeak baimentzen du bai, baina "ez du derrigortzen, hori erabaki politikoa da".

Ibilgailuen homologazioaz, beharreko gutxieneko langileez... Zerbitzu honen esleipen baldintzetan aldaketarik egon ote den argitzea eskatuko dutela iragarri zuen. Informazioa eskatu eta galderak egiten jarraituko dutela. Bisita antolatzea eskatu zuen baita isurketa guneetara, "zer isurtzen ari diren ikusteko". Indarrean diren kontratazioen jarraipena egiteko kontratazio publikoaren behatokia sortzea eskatu zuen beste behin. Gipuzkoan "zabortegi ilegal" bat baino gehiago dagoela ohartarazi zuen. Kudeaketa modu honi buruzko hainbat galdera egitea hitz eman zuen Bidegiren administrazio kontseiluan. Sinestezina deritzo, "enpresak berak salaketa larri hauei ez erantzutea eta bitartekaritza lanetarako borondaterik ez izatea".

PSE-tik Jorge Martinek zioenez, "gertakari guztiak larriak dira. Egiazkoak badira, ilegala da, zenbait arau hautsiko lituzke". Epaitegira jotzea eskatu zuen. Batzar Nagusien eskura dauden eskumenekin legeak egiten direla zioen, "baina honi buruz ezin dugu halakorik egin, ez dugulako eskumenik" zioen. Zalantzan jarri zuen, "Foru Aldundia salatzen ari zaretenaren jakitun izatea".

EAJ-tik Ianko Gamboak, "akusazio hain larriak eginda, bide penaletik joan behar da. Ez dut ulertzen gaia nola ez dagoen judizializatua". Azpikontratazioaren eredua defendatu zuen, esanez, diru publikoaren erabilera efizienteago bat egiteko sustatzen dela eta errepideen kudeaketan, %23koa dela azpikontratazioa.

EHBildutik, Oskar Bordesek lan gatazka konpontzea aurreikusten ote duten, konponbiderako aukerez edota gertatzen ari denaren inguruan salaketarik aurkeztu ote duten galdetu zuen. "Horren guztiaren inguruan lanketa egingo dugu", iragarri zuen.

"Konponbidearen parte izatea eskatzen dizuet"
"Egoera hau aldatu beharra dago", erantzun zien batzarkideei ELA-ren ordezkariak. Azpikontratazioa mugatu edo etetea eskatu zuen. "Horrek zerbitzua eta guztion segurtasuna okertzen badu, azpikontratatutako enpresen jarraipena ezin bada egin, agian ezingo da azpikontratatu". Arduradunek egoeraren kontrola bere gain hartzea galdegin zuen. "Konponbidearen parte izatea eskatzen dizuet. Hau denon arazoa da eta zuek ere asko duzue esateko. Borondate politikoa eskatzen dut hau konpontzeko". Egoera salatzera deitu zituen batzarkideak. Hirugarren aldiz, otsailean eta ekainean ere agertu baitzen Batzar Nagusien aurrean eta momentuz, arazoak konpontzeke segitzen du. Segurtasun falta erabatekoa dela salatu zuen ITS ABEEko langileen ordezkariak, langileen bizitza arriskuan dagoela ohartarazi zuen. Eta ez dutela enpresaren aldetik inolako erantzunik jasotzen.

Batzar Nagusietako batzorde honetan gertaturikoa osorik ikus dezakezue, lotura honetan: Gipuzkoako Batzar Nagusiak