Euskararen Eguna

%54tik %62,8ra igo da euskararen erabilera Usurbilen azken bost urteotan

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 3a, 11:08

Soziolinguistika Klusterrak bost urtean behin egiten duen hizkuntzen kale erabileraren neurketako datuak plazaratu ditu.

Duela bost urteko jaitsiera irauli dutela islatzen dute Soziolinguistika Klusterrak hizkuntzen erabileraren kale neurketari buruz plazaratu dituen azken datuek. Euskararen kaleko erabilera %62,8koa da Usurbilen, 2016an egindako azken neurketako zifrarekin alderatuta, 8,8 puntu egin du gora erabilerak. 2001eko behaketa laneko datuarekin alderatuta ere 8,4koa izan da igoera. Baita auzo guztietan ere, euskaldunena den Aginagan izan ezik; zortzi puntu jaitsi da azken bost urteotan 10 puntu azken hamarkadan.

Emakumezkoen artean erabilera zertxobait handiagoa da gizonezkoen artean, adinekoetan izan ezik. Adina aipatuta, zenbat eta gazteagoa izan, euskara gehiago entzuten da Usurbilgo kaleetan. Haurren, gazteen eta heldu gazteen arteko erabilera batez bestekoa baino altuagoa da. Eta adin beretsukoen artean ere euskara ahotan gehiagotan hartzen da, adin nahasketa dagoenean baino. Helduen eta adinekoen artean erabilera baxuagoa da. Eta gehiagotan dihardute euskaraz haurrak gertu daudenean, ez daudenean baino.

Hitanoaren erabilera baxua
Euskararen ezagutzaren eta erabileraren artean bada aldea. 2016an herrikideen %83,6a (%72,5a euskaldunak, %11,1a ia euskaldunak) euskaraz mintzatu edo gutxienez ulertzeko gai zen. Erabilera aldiz %54koa zen. Bost urte beranduago erabilera 62,8koa da. 2001etik 8,4 puntu egin du gora erabilerak, ezagutzak aldiz ez du aparteko gorabeherarik izan; %72,3koa zen 2001ean, %72,5ekoa 2016an.

Hitanoaren kale-erabilera ere neurtu du Soziolinguistika Klusterrak. Behatutako elkarrizketen %15,6a hika ari ziren, %84,4a zuka. 2016an behatu zuten lehen aldiz; orduko hartan, %28,1ekoa zen erabilera. Gizonezkoen artean nabarmen gehiago entzun zuten azterketarako datuak biltzeko unean; %22,7a ari zen hika, emakumezkoen %7,6. Aldaerei dagokienean, %81 toka, %11 noka, %6 aldaerarik gabe ari zen hizketan behaketa lana egin zuten unean. Adinari erreparatuta, gazteen eta adinekoen artean erabiltzen da gehien, haurren artean oso baxua da.

Herri erdigunean, Aginagan, Santuenean, Munalurran-Artzabalen eta Zubietan egin zituzten iazko udazkenean behaketa lanak. Aztertzaileak zonalde hauetan guztietan osatu zituzten ibilbideetan hamaseina ordu aritu ziren herritarren elkarrizketak behatzen.





HIZKUNTZEN ERABILERAREN KALE NEURKETA
Lagina
Behatutako elkarrizketak:
2.721.
Behatutako solaskideak: 8.356.

Emaitzak

-Datu orokorrak: %62,8a euskaraz, %36,5a gaztelaniaz, %0,1a frantsesez, %0,6 beste hizkuntzetan.
-Aurreko azterlanetako datuekin alderatuta: 8,8 puntuko igoera 2016tik, 8,4 puntukoa 2001. urtetik. %54ko erabilera 2016an, %62koa 2011n, %57,2koa 2006an, %54,4koa 2001ean.
-Auzo-herrietako euskararen erabilera: %81,9 erdigunean (%73,1 2016an, %73,2 2011n), %81 Aginagan (%90 2016an, %92,8an 2011n), %33,5 Santuenean (%25,5 2016an, %25,5 2011n), %58,9 Olarriondon (%48,5 2016an, %55,3 2011n), %50,8 Zubietan (%38,3 2016an, %61,5 2011n).
-Euskararen erabilera sexuaren arabera: %63,7 emakumezkoen artean (%53,2 2016an, %62,8 2011n), %61,9 gizonezkoen artean (%54,8 2016an, %61,1 2011n).
-Adin-tartearen arabera: %76,5 haurren artean, %76,3 gazteen artean, %56,7 helduen artean (%63,8 heldu gazteen artean, %50,8 heldu nagusien artean), %44,4 adinekoen artean.
-Hartuemanak euskaraz: %81,4 haurren artean, %83,3 gazteen artean, %50,3 helduen artean (%53,5 heldu gazteen artean, %47,2 heldu nagusien artean), %41,5 adinekoen artean.
-Haurren presentziaren eragina:
-%81,4ko erabilera haurrak bakarrik (nagusirik gabe) daudenean.
-%52,3 nagusiak bakarrik (haurrik gabe) daudenean.
-%70,2 haurrek eta nagusiek osatutako taldeetan: %72,9 haurrek hitz egiten dutenean, %67,3 nagusiek hitz egiten dutenean.