Metrokoadroka Sormen Laborategiak jaso du Joan Mari Torrealdai beka

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 7a, 13:39

Joan Mari Torrealdairen izena daraman bekak badu lehen saritua. 13 lan aurkeztu dira guztira eta hori bera ezusteko ederra izan da bai Jakinentzat zein Udalarentzat. Proiektu bakarra aukeratu behar ordea, eta epaimahaiak Oier Guillan eta Idoia Beratarbideren  'Artxibo biluzia' izenekoaren alde egin du. Orain, 18 hilabeteko epea izango dute aurkeztutako lana burutzeko.

Usurbilgo Udalak eta Jakin Fundazioak Joan Mari Torrealdai ikerketa beka iragarri zuten duela sei hilabete. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak gaurko agerraldian azaldu duen moduan, "Usurbildik Euskal Herriari beste ekarpen bat egiteko bokazioz jaio zen beka". Era honetan, Torrealdaik bizitza osoan egin zuen horretan sakondu nahi da: ikerketan, herrigintzan, dibulgazioan eta transmisioan. Alkateak esan duenez, Torrealdairen obsesioetako bat azken hori zen, "transmisioa. Katea ez etetea eta pentsamendu bat eratzea. Eta noski, pentsamendu hori Euskal Herriaren zerbitzura jartzea".

Beka deialdiaren lehen edizioak oso harrera ona izan du. 13 proiektu aurkeztu dira guztira. "Oso pozik gaude lehen deialdi honek izan duen harrerarekin eta erantzunarekin", ziurtatu du Solaberrietak. 

 

Egitasmoak bi ardatz izango ditu 

Oier Guillan Metrokoadrokako kideak eskerrak eman ditu bekak eskainitako aukera eta ikuspegiagatik, eta euren proiektuak iraganerako begiradatzat hartzen den dokumentazioa etorkizunera begira jartzeko premiatik abiatu direla adierazi du, "dokumentakzioa" bilakatzeko.

Metrokoadrokaren egitasmoak bi ardatz nagusi izango ditu. Batetik,  hiru antzerki-performance pieza labur egingo dituzte. Bestetik, formazio saioak eskainiko dituzte. Tailer modukoen bitartez, interesa agertzen duten artistei zein herritarrei tresnak emango zaizkie, euren aletxoa jartzeko aukera izan dezaten. Lan hori ere jasoa izango da. 'Artxibo biluzia' proiektuaren inguruko xehetasun gehiago topatuko dituzue albiste honi lotuta datorren bideoan.

 

Bi urtean behin egingo da beka deialdia

Haritz Azurmendi Arrue Jakineko ordezkaria eta bekaren koordinatzailea ere pozik da bekak izan duen harrerarekin. Lan asko aurkeztu direlako, eta maila txukunekoak denak. "Etorkizuneko euskal kulturari begira jartzeko ariketa eskatzen genuen eta proposamenek heldu diote transmisioaren auziari, kulturgileen sarea josteko aukerei, herritarren parte hartzeari eta ikusgarritasunari, praktika berritzaileei".

Deialdi honen oinarrian, Usurbilgo Udalaren eta Jakinen arteko lankidetza hitzarmen bat dago, aurten sinatua izan dena. Bi urtean behin egingo dute deialdia: lehenengo urtea ikerketa gauzatzeko izango da, eta bigarrena, lana gizarteratzeko. Udalak, 15.000 euro bideratuko ditu edizio bakoitzean, beka deialdia egin eta ikerketatik eratorritako proiektua dibulgatzeko, eta Jakin arduratuko da bekaren kudeaketaz.