Koronabirusa

Kalitatezko osasungintza publikoa txalotzeko deia gaur

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 12a, 07:56

"Zaintzen gaituzten Osakidetzako langileekin gaudela esateko, balkoi eta leihoetara itzultzeko unea da", hala dio sare sozialen bidez astelehen honetarako egin den deialdiak. Gaur 20:00etan balkoi eta leihoetan, edo kalean, kalitatezko osasungintza publikoaren alde txalo egitea eskatu dute.

Covid19ak eragindako aurrekaririk gabeko osasun krisialdia tarteko, 2020ko martxoan etxeratu gintuztenean, gauero 20:00etan balkoi eta leihoetara ateratzeko deia egin zuten, gu guztion osasuna, bizimodua zaintzeko, babesteko lanean ari zirenak txalotu eta eskertzeko. Astelehen iluntze honetan ere, abenduaren 12an, gauza bera egitera animatzen gaitu, sare sozialen bidez hedatu den deialdiak. Gaur iluntzeko 20:00etan etxeko leiho eta balkoietara, edo kalera ateratzeko deia egin dute, osasungintza publiko baten alde txalo egitera. "Berriz ere txalo egingo dugu kalitatezko osasungintza publiko baten alde", dio sare sozialetan zabaldutako mezuak. 

Osasungintza publikoaren egoera kaxkarra, eta egiten ari diren kudeaketa salatu nahi da deialdi honen bidez. "Pandemian osasungintzako langileak txalotzen genituen bitartean, kudeaketa oso txarra izan zen. Bi urte beranduago egoera lotsagarria da: lehen arreta kolapsatuta, itxaron zerrenda amaigabeak, Basurtuko kardiologia itxi nahi dute eta Donostia Hospitaleko zuzendaritza osoa kargugabetu dute".

Egoera honen aurrean, "ezin diegu Osasungintza publikoa desmantelatzen utzi. Oinarrizko eskubidea da eta bere defentsa ez dagokio soilik osasungintzako langileei. Denoi dagokigu konpromisoa hartzea. Zaintzen gaituzten Osakidetzako langileekin gaudela esateko, balkoi eta leihoetara itzultzeko unea da". Gaur 20:00etan.