Hurbilago, urte amaierako herri bizitza argiztatzeko prest

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 13a, 09:40

Usurbilgo ostalarien eta merkatarien elkarteak argiztaturiko etxolekin apaindu du herria. Urte amaierari begira herri bizitza sustatzeko iragarri duen ekimenetako bat da honakoa.

Bi biribilgune, Zubiaurrenea eta Errekatxiki kaleak nahiz Kalezarrera igotzeko bidea lotzen dituena eta Bordatxo taberna parekoa. Biak ala biak argiztaturiko etxolez apainduak ditugu, datozkigun egun seinalatuen adierazle. Hurbilago elkarteak jarritakoak dira. Modu honetan, herri bizitza pizten segi nahi du merkatarien eta ostalarien elkarteak, baita ospakizunez jositako urte amaiera honetan ere. 

Lasterketaren itzulera
Etxolez gain, zenbait ekimen iragarri ditu urtea agurtzeko, bi urteko etenaldiaren ostean, Hurbilago San Silbestre herri lasterketaren itzulera tartean. Abenduaren 31n ospatuko 2019. urtera arte egin zuten moduan. Herri merkataritza eta ostalaritzaren alde korrika egitera animatzen gaituzte. Izena doan eman ahalko da gertuago.eus atarian aldez aurretik edo egunean bertan frontoian, pilotalekuan hasi eta amaituko baita lasterketa. Merkataritza eta ostalaritzaren herri erdiguneko eremua inguratuko du jai giroan ospatuko den urteko azken ekimenak.

Amaieran, inoiz baino sari gehiago banatuko dituzte. Batetik, oparien zozketa parte hartzaileen artean. Eta horrekin batera, "650 Usurbil Bizi" otarrak banatuko dituzte. 

Gogoan izan, Hurbilago ere egitasmo horren sustatzaileen artean dago, kulturgunearekin eta Udalarekin batera. Herriko 34 sortzaile eta ekoizleen produktuez osaturiko ehun otar zozketatuko dituzte abenduaren 30ean, ordura arte Hurbilagoren kide diren saltokietan 10 euroko erosketak egitearen truke. Hilaren 30ean, zozketa egin eta sarituei jakinaraziko zaie. Biharamunean, lasterketa amaieran, otarron banaketa frontoian.

Erosketak aipatuta; merkatari eta ostalarien elkarteak azaroan salgai jarritako erosketa-bonu kopuru berbera jarriko du berriz Hurbilagok herritarren eskura. Bi bonu mota eskuratu ahalko dira, Usurbilen bizitzeaz gain, bertan erosketak egitea sustatzeko: 7 euroren truke 10 euroko bonua eta 20 euroren truke 30 eurokoa. Gertuago.eus atarian edo Potxoenean eskuratu ahalko dira asteotan.


HURBILAGOREN URTE AMAIERAKO DEIALDIAK
Abendu amaierara arte
-“650 Usurbil Bizi” otarraren zozketan parte hartzeko aukera. Zozketan parte hartzeko 10 euroko erosketak egin beharko dira abenduaren 30era arte, Hurbilagoren saltokietan.
-Erosketa-bonuen salmenta.

Abenduak 30, ostirala
"650 Usurbil Bizi" otarren zozketa eta sarituei jakinaraztea.

Abenduak 31, larunbata

17:00 Hurbilago San Silbestre lasterketa.
Tokia: Usurbilgo frontoia.
Zehaztasunak: urtea herri merkataritza eta ostalaritzaren alde lasterka eginez agurtzeko aukera.
Izen-ematea: egunean bertan edo gertuago.eus atarian doan.
Lasterketa amaieran:
-Oparien banaketa lasterkarien artean. 
-"650 Usurbil Bizi" herriko ekoizle eta sortzaileen produktuez hornituriko otarren banaketa.

Antolatzailea: Hurbilago Usurbilgo ostalarien eta merkatarien elkartea.