TXAPELKETA NAGUSIA

Asier Azpiroz: “Bertsolari Txapelketa Nagusian zehar ‘diesel’ samar ibili naiz”

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 15a, 08:07

Igandean jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala Iruñeko Nafarroa Arenan. Egun handian, Asier Azpiroz zubietarra bertsozale bat gehiago izango da. Donibane Garaziko finalaurrekora sailkatzea lortu zuen arren, saioa pattal samar atera zela adierazi digu: “ni ere ez nintzen oso gustura aritu”.

NOAUA! Lehengo fasean, bigarren izan zinen Lizarrako saioan eta horri esker finalaurrekoetako lehenengo itzulirako txartela eskuratu zenuen. Donibane Garazikoan laugarren izan zinen eta hor amaitu zen zure ibilbidea. Gustura zaude egindako lanarekin?

Asier Azpiroz. Egia esan, lehenengo fasea pasa izanarekin oso gustura geratu nintzen. Baina egia da kantatu dudan bi saioak nahiko grisak izan direla. Finalaurdenetakoen artean, Lizarrakoa izan zen bigarren sailkatuak puntu gutxien atera zituena. Kasu horretan, ni izan nintzen bigarren. ‘Diesel’ samar ibili nintzela esango nuke. Ez nuen bertsoaldi bakar batean izugarrizko gauzarik egin. Momentu batzuetan konektatu nuen publikoarekin, baina ez nuen ideia berezirik erabili eta hala ere lortu nuen pasatzea, baina izugarrizko saioa egin gabe.

Finalaurreko saioan kantatzeak (Donibane Garazikoan) izugarrizko ilusioa egiten zidan, egia esan. Fase horretan plazak handiak izaten direlako, batetik; eta tartean finalistak ere aritzeko direlako, bestetik. Amets Arzallusek abestu zuen nirean, esate baterako. Baina egun horretan ere arratsalde gris samarra atera zen eta ni ez nintzen oso gustura gelditu egindako saioarekin. Bertsoak osatzen neure burua nahiko ondo ikusi nuen baina gero saioa etxean entzun nuenean konturatu nintzen gaiekin ez nuela asmatu. Gaia entzundakoan posizionatu beharra duzu, argudioak bilatu behar dituzu.... eta horretan ez nintzen fin ibili. Tenple onean hasi nintzen baina 8ko txikiko gaia adibidez, ez nuen ondo ulertu.

Esan dudan bezala, saioa orokorrean pattal samar atera zen eta ni ere ez nintzen oso gustura aritu. Txapelketa hasi aurretik, finalaurrekoetara iristea sinatuko nuke. Baina bi saioak gris samar atera zirenez, epel samar utzi nau txapelketak. Dena den, ez diot buelta gehiegirik eman. Bertsotan, bestela ere, ez naiz asko ibiltzen plazan. Umea jaio berritan harrapatu nau gainera. Ahal dudan ondoen prestatu dut txapelketa eta atera da atera dena. Kito.

 

ASIER AZPIROZ

“Txapelketa hasi aurretik, finalaurrekoetara iristea sinatuko nuke. Bi saioak gris samar atera zirenez, epel samar utzi nau txapelketak”

 

Bertsolarien aldeko pankartak begi-bistakoak ziren Donibane Garaziko finalaurrekoan. Bertso-saioak pilota partiden itxura hartzen hasiak direla ematen du. Hori esanda, senideen zein lagunen babesa izan duzu txapelketa osoan zehar, ezta?

Beti estimatzen da. Kasu honetan, Zubietako gazteak ez eh, 60 urteren bueltan dabilen jendeak egindakoa zen pankarta bat, eta asko estimatu nien gainera. Bestea nire lagunek eta ingurukoek egindakoa zen.

Pankartak beti egon dira txapelketaren bueltan eta uste dut ondo dagoela gainera. Oraingoz behintzat ez dago pilota partiden inguruan sortzen den buila hori. Bertso-saioan isiltasuna galtzen badugu behintzat, gaizki ibiliko gara... Bertsozaleak joan behar du bertso-saioa entzutera, ez bere laguna edo bere gertuko hori animatzera. Hooligan fenomeno hori oraingoz ez da bertso mundura iritsi eta ez dadila iritsi.

 

Txapelketa izaten den bakoitzean, talde bat elkartu ohi zarete Añorga aldean. Gaztelumenditarrak tarteko. Beñat Gaztelumendi finalerako sailkatu denez, elkartzen jarraituko duzue ala ez?

2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa garaian ere, Añorgan bildu izan ginen Beñat eta Unai Gaztelumendirekin. Aurten Aitor Etxebarriazarraga ere dezentetan batu zaigu (gernikarra da baina Donostian bizi da).

Beñat Gaztelumendik aurrera egin duenez, saiatuko gara taldekako lan horri eusten. Zurekin aritu den batek aurrera egin duela ikusteak poza ematen du, egia esan.

Tolosaldeko jende batekin ere maiz batu naiz Zizurkilen, Amasan edota Asteasun. Oihana Iguaranekin, Beñat Iguaranekin, Unai Mendizabalekin... Hauekin ere tratu pertsonal handia dut eta askotan batu naiz beraiekin.

 

“Denak ikusi nahi ditugu finalean baina finaletik zein kenduko ote genukeen esatera ez gara ausartzen”

NOAUA! Emakumezkoak gero eta gehiago dira bertsolaritzan. Eta finalean, hiru arituko dira estreinakoz. Txapelketako eztabaidagai nagusietako bat izan da hauxe. Epaimahaiaren lana ere zalantzan jarri da inoiz edo behin. Barrutik nola bizi dituzue gai honen inguruko esamesak?

Asier Azpiroz. Aurreko txapelketa nagusian, 2017koan, finalaurdenetatik finalaurrekoetara emakumezko mordo bat pasa zen baina finalerako Maialen Lujanbio bakarrik sailkatu zen. Kristalezko sabaiarena maiz aipatu zen orduko hartan.

Askotan, aldaketak ez dira urtebetean ematen baina orduko hartatik hona bost urte pasa dira eta aldaketa hori gauzatu dela esan daiteke. Plazan ere, egunerokoan, aldaketa hori eman den bezalaxe. Saio gehien kantatzen duten bertsolarien zerrenda osatzen hasi eta erdiak emakumezkoak izango dira. Ez da iritzi bat. Datuek hori diote, zorionez. Beraz, aldaketa hori jadanik eman da plazan eta aurtengo finalean hiru emakumezko arituko dira. Eta gehiago izan zitezkeen. Oihana Iguaran eta Jone Uria, esate baterako, finalaren atarian geratu dira. Oso pozgarria da. Aldaketa baten seinale dela esango nuke.

 

ASIER AZPIROZ

“Plaza gehien kantatzen duten bertsolarien zerrenda osatzen hasi eta erdiak emakumezkoak izango dira. Datuek hori diote, zorionez. Beraz, aldaketa hori eman da jadanik plazan”

 

Irungo saioaz ari bazara (finalaurreko horretan Ane Labaka, Jone Uria, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina igo ziren oholtza gainera), puntuak baxu samarrak izan ote ziren, horrelako zerbait aipatu zen, ezta? Ez dakit. Akaso hala izango zen baina saioaren ondorenak ekarri zuena ez zitzaidan asko gustatu. Nire gauza izango da, baina askotan gauza kolektiboak eta gauzak pertsonalak nahasten ditugu. Bertsolari denak ikusi nahi ditugu finalean baina gero finaletik zein kenduko ote genukeen esatera ez gara ausartzen.

Uste dut orokorrean begiratu beharra zaiola txapelketa bati eta, orokorrean, plazan eman den aldaketa hori islatu egin dela bai finalean eta, batez ere, finalaurdenetan eta finalaurrekoetan. Eta datu horrekin geratu behar gara.

 

“Finalean jende berria ikusteak poz handia ematen du”

NOAUA! Finalaren atarian gaude. Saio txukun baterako osagai ugari dago, ezta?

Asier Azpiroz. Dudarik gabe. Aurreko finaletik errepikatuko duten bertsolariak oso kontsagratuak dira. Urte asko daramatzate txapelketetan eta plazaz plaza. Beraien maila erakutsi dute eta finalean sartu dira.

Hiru aurpegi berri daude oraingoan, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin eta Joanes Illarregi. Eta jende berria ikusteak poz handia ematen du.

Alaia txapelketa gehiagotan aritu izan da baina Nerea ere plaza asko egiten ari da; jende askorengana iristen den bertsolaria dela uste dut.

Joanes mutil gaztea da, nafarra. Oker ez banago, lehen aldia da nafar bat sartzen dena Txapelketa Nagusiko finalean  meritu propioz, nolabait esatearren. Garai batean, 70eko eta 80ko hamarkadetan, Nafarroatik bat sailkatzen zen automatikoki. Ez puntuazio orokor baten ondorioz. Beraz, Joanesena ere oso albiste ona da. Aldaketez hitz egiten dugunean, generoari begiratu behar zaio baina beste gauza batzuei ere erreparatzea ez dago gaizki. Finalerako oso talde polita osatu dela iruditzen zait.

 

Faborito nagusietako bat Maialen Lujanbio izango da. Hala ere, txapelketa honetan oraindik ez dugu entzun. Aurreko txapelketaren garaile izatearen abantaila. Ez da erraza izango Lujanbiorentzat.

Ez da izango, ez. Plazan sheriff bat izan da azken urte luzeotan. Finalean kostatuko zaio akaso lur hartzea. Hala ere, faborito bera ikusten dut baina kontsagratu kuadrilla hori (Aitor Mendiluze, Amets Arzallus eta Sustrai Colina) gertu ibiliko da.