TXAPELKETA NAGUSIA

Hiru bertso-eskola daude Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 15a, 08:58

Bota Punttuba bertso-eskola aspaldi osatu zen Usurbilen. Etenaldi luze baten ondoren, talde berri batek hartu du eskolaren martxa. Ez da inguruan dugun bakarra, ordea. Zubietan, esate baterako, duela urte gutxi eratu zen Zortzitan bertso-eskola. Udarregi ikastolako ikasleek ere, bertsotan ikasteko aukera paregabea dute. 

Bota Punttuba bertso-eskola

Usurbilgo bertso-eskola aspaldian osatu zen. Eskolako martxa bolada batez etenda egon bazen ere, Santixabeletako bertsopaper lehiaketari eutsi zioten urte luzez. Duela bost bat urte ordea, talde berri bat elkartu zen eta bertso-eskolaren dinamika berreskuratu zuen.

 

Ostegun iluntzeetan, Potxoenean

Geroztik hona, ostegunero batzen dira Potxoenean. Inoiz edo behin kale egin badute ere, elkartzen jarraitzen dute. Ez da talde itxia. Alderantziz. Bertsotan egiteko gogoz den herritarrak ateak zabalik izango ditu. Hortaz, baten bat animatuko balitz, jar dadila egungo eskolako kideetako batekin harremanetan.

2018. urtean, Bota Punttuba taldearen martxa abiarazi berritan, Eli Pagola bertsolariarekin elkartzen hasi ziren. Pandemiak ordea bertso-eskolaren dinamika eten zuen. Gorabeherak gorabehera, elkartzen jarraitu dute. Gaur arte.  Une honetan, Aitor Agirre, Uxue Fernandez eta Iurgi Fuentes dira Bota  Punttuba bertso-eskolaren bueltan dabiltzan bertsozaleak.

 

Iurgi Fuentes, epaile taldean

Iurgi Fuentesek hain justu, epaile gisa jardun du Bertsolari Txapelketa Nagusiaren lehenengo fasean.

 

Elkartzeari utzi badiote ere, Zubietan bada beste taldetxo bat

Zortzitan bertso-eskola duela urte gutxi osatu zen Zubietan. Ostegunero batzen ziren baina pandemia iritsi zenean elkartzeari utzi behar izan ziotela adierazi digu Haritz Arrizabalagak. Santa Ageda bezperako eskean parte hartzen zuten eta Santioetako bertso-saioa antolatzen zuten. Dena den, taldea ez da desagertu. Aurtengo jaietan, esate baterako, bertso-saioa antolatzeaz gain, gai-jartzaile lana ere bere gain hartu zuten.

 

 

Gazte ugari ari dira Udarregi ikastolako bertso-eskolan

Udarregiko bertso-eskolako kideak ostegunero batzen dira, 13:30etik 14:30ak bitartean, Xabat Illarregiren gidaritzapean. Lehen saioan 10 gazte batu ziren, “gehienak DBH1ekoak, baina baita LH4 eta LH6koak ere”.

Josu Diaz de Otalora da eskola honetako sustatzaileetako bat. Ikasturte hasieran aditzera eman zigunez, “gazteen bertso-eskola 2017ko irailean jarri genuen martxan”.