Urrezko Bikain ziurtagiria eskuratu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 14a, 10:10
Argazkiak: Usurbilgo Udala.

Eusko Jaurlaritzaren euskararen urrezko kalitate ziurtagiria eskuratu du Usurbilgo Udalak. "Esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen du" urtero 2008. urtetik.

BIKAIN, Eusko Jaurlaritzak ematen duen Euskararen Kalitate Ziurtagiria eskuratu du Usurbilgo Udalak; hiru aitortza-mailetan (oinarrizko, tarteko eta goi maila) maila goreneko ziurtagiri ofiziala. Hala dio: "erakunde honek goi maila egiaztatu du BIKAIN ereduaren arabera egindako kanpo-ebaluazioan. Ebaluazio honen bitartez euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa neurtzen dira, eta ebaluazioa Bikain Ebaluatzaile Klubeko kideek egiten dute. Ziurtagiri honen bidez, Eusko Jaurlaritzak maila hau lortzeko erakundeak egindako lana aitortu nahi du eta euskararen erabilera areagotzeko bidean aurrera jarrai dezaten animatu nahi ditu zuzendaritzako kideak eta gainontzeko langileak".

Ziurtagiria jaso berritan, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak adierazi duenez, "urte luzeotan udal gobernu ezberdinek eta udal langileek egindako lan eta ahaleginari eta herriaren bultzadari esker izan da posible. Zorionak, Usurbil!".

"Usurbilgo Udala euskara eremuan erreferente da"
Ziurtagiria eman aurretik, "erakundeak ebaluazioa jaso eta gainditu behar du". Erakundearen irudia, bezeroekiko eta herritarreko harremanak, barne-komunikazioa eta lan-tresnak, pertsonen kudeaketak, kanpo-harremanak eta kudeaketa-sistema behatzen ditu kanpoko aditu talde batek. "Ebaluazio taldea azaroaren 15ean izan zen udalean, eta behaketa-lanak egiteaz gain, hainbat sailetako arduradun tekniko eta politikorekin bildu ziren". 

Gehienez 1.000 puntu eskura ditzake behatua den erakundeak; Usurbilgo Udalak 900-949 puntu artean jaso ditu, Bikain ziurtagiaren baitan lor zezakeen aitortza maila altuena. "Ebaluatzaileek honako indarguneak nabarmendu dituzte: Usurbilgo Udalean euskararekin lotutako hizkuntza irizpideak kudeaketa sisteman txertatuta daude, eta zeharkakotasunez erakundeko sail ezberdinetan aplikatzen dira; erakundeko langileen euskara gaitasun maila altuak eta hizkuntza irizpideak era natural batean barneratuta izateak sortze-hizkuntza %100ean euskara izatea ahalbidetzen du; inguruko udalen eta gainerako erakundeen artean Usurbilgo Udala euskara eremuan erreferente da euskararekiko erakusten duen konpromiso altua dela eta".

2022an Bikain ziurtagiria jaso dutenak
Oinarrizko-maila:
Fundación Tekniker, Neiker-Instituto Vasco de Investigación y Desarrollo Agrario S.A., Servicios Auxiliares Sureuskadi S.L.

Erdi-maila:
Alokabide S.L., Bilbao Bizkaia Museoak S.L., CIFP Bidasoa LHII, Codesyntax S.L., Ekintza Fundazioa, Ente Vasco de la Energía, Euskal Irrati Telebista, Eusko Jaurlaritza (Arrantza Ikuskaritza Zerbitzua), Fundación Centro de Tecnologías de Interacción Visual y Comunicaciones Vicomtech, Itelazpi, S.A., Ugao-Miraballesko Udala, UPV/EHU Arabako Campuseko Errektoreordetza, UPV/EHU Ekonomia eta Enpresa Fakultatea (Gipuzkoako Atala), Zegamako Udala.

Goi-maila: 
Abusu Ikastola Kooperatiba Elkartea, Altzoko Udala, Ataungo Udala, Coop. San Antonio Santa Rita S.Coop., Eibarko Udala, Lekeitioko Udala, Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Koop. Elk., Sociedad de Investigación Aplicada para el Desarrollo Comunitario-Siadeco, UPV/EHU Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetza, Usurbilgo Udala, Ziur Fundazioa.