Nahia Zudaire eta Esther Arrojeria saritu dituzte Gipuzkoako Kirol Galan

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 15a, 11:07
Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Agurtzear dugun urte honetan nabarmendu diren kirolariak saritu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak bart Donostiako Tabakaleran. Tartean bi herrikide; Nahia Zudaire eta Esther Arrojeria.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamenduak herrialdeko kirolariek arlo honen alde etengabe egiten duten lana eskertu eta goraipatzeko urtero antolatzen duen Kirol Galan herrikideak saritu dituzte bart Donostiako Tabakaleran. Aipamen berezia jaso du Bera Bera eskubaloi taldeak "ligako txapeldun izan baita berriz ere eta Erreginaren Koparen XLIII. edizioa antolatu baitu Donostian". Saria, taldekide zenbaitekin batera Kalezarko Esther Arrojeriak jaso du. 

Bestalde, Europan nahiz nazioartean gipuzkoarren emaitza arrakastatsuak ere saritu nahi izan ditu Foru Aldundiak. Besteak beste, Zubietako Nahia Zudaire "Kirol Egokituko Munduko Igeriketa Txapelketan 3. postua eskuratzeagatik". Zorionak bioi!

Saritu gehiago
Bart ospatu dute aurtengo kirolari nabarmenenak bildu dituen Kirol Gala Donostiako Tabakaleran. "Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak antolatutako sari hauen asmoa da kirolaren merituak maila guztietan aitortzea eta, horrela, Gipuzkoako kirol errealitate osoa jasotzea".

Herrikideekin batera, Gipuzkoako Kirola Saria jaso dute 20 urtez azpikoen artean munduko txapeldun izan ziren Real Sociedadeko bost jokalariek, eta Jokin Altuna pilotariak. Nahia Zudairerekin batera mundu mailan nabarmendu diren kirolari gipuzkoarrek ere bai: Helene Alberdi Triatloiko Europako Txapelduna, distantzia ertainean; Kauldi Odriozola eta Iñaki Peciña Europako eskubaloi-txapeldunak; Darío Brizuela Eurobasketeko txapelduna; Sebastián ‹El látigo› Perez, Europar Batasuneko Oilar pisuko txapelduna; Ane Urchegui Europako Mid-Amateur-eko txapelduna Medoc Golfen; Iñigo Peña, Europako Piraguismo Txapelketan 2. postua eskuratzeagatik; k4 1.000 metro; Pello Osoro Europako Triatlon Cross Txapelketan 3. postua eskuratzeagatik; Begoña Lazkano, Europako Piraguismo Txapelketan 3. postua eskuratzeagatik, Maratoia; Iñigo Jauregi, Iñigo Sanchez, Iker Almandoz eta Borja Ponte, Belako Munduko Txapelketan 3. postua eskuratzeagatik, J80 absolutua; eta Maider Altuna, Hockey salako Europako txapelduna.

Baita Olatz Muñoz, Marta Lizarraga eta Patricia Alza, J80 DECOEXSAko emakumezkoen Munduko Bela txapelketa irabazteagatik; Iñaki Muñoz eta Ander Perez, Izokinen Arrantzako Munduko txapelketa irabazteagatik; Odei Etxeberria, Kayak Surf Open Short Boaten Munduko txapelketa irabazteagatik; Olatz Garmendia, Kayak Surf Open women Short Boat Munduko txapelketa irabazteagatik; Ainhoa Tolosa, Kayak Surf Munduko txapelketa irabazteagatik. Long Boat; Jaime Framis Harguindey, Slalomeko Munduko txapelketa irabazteagatik Waszp-en; Iñigo Llopis, Kirol Egokituko Munduko Igeriketa Txapelketan 2. postua eskuratzeagatik, 4x100 estilo mistoan eta 100 bizkar-igeriketan; Irati Lakunza, Hegats-igeriketako Munduko Txapelketan 2. postua eskuratzeagatik, 400 metroan urperatzearekin; Irati Idiakez, Munduko Snow Paraolinpikoko Txapelketan 2. postua eskuratzeagatik, banked Slalom.

Herritarren bozkek erabaki dute Gipuzkoarren Saria Nahia Garrido igerilariarentzat izatea. Añorga Kultur eta Kirol Elkartea, Tolosako futbol kluba, Ur-Kirolak, Ordiziako Chapel-Gorri, Villabonako Behar Zana pilota elkartea eta Xake Joku Elkartea, Donostiako Txuri Urdin, Eibarko Kalamua Judo Kluba, Zarauzko Balea Igeriketa KE eta Mutriku Sokatira Taldea ere omendu dituzte, urteurren ezberdinak bete dituztelako.

Kirolaren Enpresa saria jaso dute Euskotren-ek eta Laboral Kutxak.