Berri pozgarria Maria Angeles Otaegik bizi izandako bidegabekerian. Bere etxean geratuko dela berri eman du Etxekaleratze gehiagorik Ez! plataformak. "Bere etxebizitzaren enkanteak Usurbilen piztu duen elkartasunari esker, mailegu-emaile lukurariarekin zuen zorra bizilagun batek kitatu du", berri eman dute NOAUA!ra helarazitako ondoko idatzian.
80 urteko herrikidea lagundu, babestu eta bizi izan duen bidegabekeria salatzeko osatua zen herri bilguneak mobilizazioa deitu du igandeko San Tomas Azokan, 13:00ean Dema plazan. Bertan emango dituzte xehetasunak.
Maria Angeles Usurbilgo bere etxebizitzan geratu da
Bere etxebizitzaren enkanteak Usurbilen piztu duen elkartasunari esker, mailegu-emaile lukurariarekin zuen zorra bizilagun batek kitatu du (honek etxebizitza erosi du, Maria Angelesek biziarteko denboran bertan bizitzera ahalbidetuz) eta, ondorioz, enkantea eta Reno Amussement S.L. lukurreruak aukeztutako demanda artxibatu egin dira.
Gipuzkoako Kaleratzeak STOPek eskerrak eman nahi dizkiegu Usurbilgo bizilagunei eta udalari, Mª Angelesi adierazitako elkartasun handiagatik, RENO AMUSEMENT SL mailegu-emaileak Usurbilen duen etxebizitzaren enkantea saihesteko. Eta eskerrak eman nahi dizkiegu, halaber, Gipuzkoako herritarrei, gizarte-plataformei eta erakundeei, joan den urriaren 11ko kontzentrazioan erakutsitako babesagatik.
Etxebizitza erosi duen herriko bizilagun batek epaitegian kontsignatu du 60.000 euroko maileguak sortutako 109.680 euroko zor neurrigabea, zeinaren bermea jada ordaindutako etxebizitza zena. Horri esker, Maria Angelesek bertan bizi ahal izango du.
Horrekin, enkantea eta demanda artxibatu egiten dira, eta, beraz, lukurreruak ezin du bere saria eraman, Maria Angeles bere etxebizitzan geratu da.
AHAL DA
Etxekaleratze Gehiagorik Ez! plataforma