Olentzero herrian, gutunak idazten hasteko garaia

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 16a, 17:57

Ikazkinarekin egoteko gunea egokitu dute urtero moduan, Mikel Laboa plazan. Eguberri giroan murgildua da jada herria.

Badator Olentzero eta nabari da baita Usurbilen ere. Astebete baino ez Euskal Herriko ikazkin ezagunena gure artera heltzeko. Dagoeneko bere omenezko irudia Mikel Laboa plazan kokatu dute. Ohi bezala, hutsune bat badu alboan, nahi duenak bere ondoan eseri eta argazkia ateratzeko. 

Aipatu moduan, zortzi egun baino ez abenduaren 24ko gauean etxez etxeko birari ekiteko. Ordurako eskarien zerrenda eskuartean izan beharko du Olentzerok. Guztion gurariak betetzeko aurrez adieraztea hobe. Horretarako adi; gutunak biltzeko postontziak eskuragarri izango baitituzue egunotan. Guneotan hain zuzen; Udarregi Ikastolan, Aginagako eta Zubietako eskoletan, Santuenea eta Aginagako jubilatuen elkarteetan, Sutegi udal liburutegian, ludotekan eta Potxoenean. 

Olentzerori harrera lehenbizi Aginagan egingo zaio abenduaren 23an. Iluntzeko 18:00etan Sekañako bidegurutzetik beherantz etorriko da Eliza Zaharreraino. Bertan haurren gutunak jasotzen ariko da. Biharamunean bestalde, hilaren 24an, Kalezarren egingo diete lehenbizi harrera arratsaldeko 17:00ak aldera; Haur Eskola paretik auzoa zeharkatuko du. Handik Aliprox pareko errotondara jaitsiko da. Errekatxiki kaletik barrena Bordaberrira kaletik barrena Puntapax alderantz joko du eta handik Mikel Laboa plazatik igaro eta Dema plazara. Bertan egingo zaio azken harrera eta agurra, etxez etxeko bira luzeari ekin aurretik.