SAN TOMAS AZOKA

Giro ederrean abiatu da San Tomas azoka

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 18a, 12:30

Usurbilen, egun seinalatuaren aurreko igandean ospatu ohi da San Tomas azoka. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala jokoan dago eta batzuk Iruñean izango dira eta beste batzuk telebistatik jarraitzen. Hala ere, jendea errruz hurbildu da frontoira. 

Inoizko postu gehien jarri dira aurtengoan. Batzuk San Tomas eguneko klasikoak dira: sagardoa dastatzeko postuak, talogileen txokoa, gaztain erreak eskuratzeko mahaia, Alkartasuna kooperatibaren postua... Zuberoako ikastolen aldeko otarrak ere frontoian bertan eskura zitezkeen eta Udarregi ikastolako ikasleen erakusmahaian gozoa erosi zitekeen.

Aurten Erle Egunik ez da izan eta bertara hurbiltzen ziren postu batzuk San Tomas azokara animatu dira. Ukenduak, kremak, jakiak... Denetarik eskura zitekeen gaurkoan. Egurra lantzen duten artista batzuk ere batu dira azokara. 

Une honetan sagardo eta babarrun onena hautatzen ari dira epaimahaiak. 

 

Ixabel Agirresaroberen emanaldia

San Tomas azokako egitarauan txikienak ere kontuan hartzen dira. Ixabel Agirresarobe ipuin kontalariaren emanaldian haur kuadrilla majo bat batu da. Batzuk Oreretakoak ziren, besteak Lasartekoak... Azoka kanpoko jendea ere erakatzeko gai den seinale.