San Tomas Azoka

Herriko babarrun eta sagardo ekoizpena, azokako txapelduna

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 18a, 15:36

Etxerako ekoizten duten Usurbilgo babarrun eta sagardo onena sarituta borobildu du NOAUA! Kultur Elkarteak gaurko San Tomas Azoka.

Pozarren amaitu dugu aurtengo San Tomas Azoka, merezitako sariak banatuta. Urte amaierako ibilbide luzeko hitzordu honen protagonistak herriko ekoizleak baititugu; tokiko ekoizleak. Hala, etxerako lantzen duten babarrun eta sagardoa saritzen du urtero NOAUA! Kultur Elkarteak. Igande honetako azokan ere bai. Babarrun txapelketan Aldapa, Zugasti eta Portu baserriko babarruna saritu dute. Sagardo txapelketan, Zugasti nagusitu da baita, Etxetxo eta Troyarekin batera. Albiste honetan beherago dituzue lehiaketa hauen sailkapenak. Azokan zehar, lehiatu diren babarrunak ikusgai jarri ditugu postuetako batean. Sagardoa dastatzeko aukera izan dute baita bisitariek.

Oraingoan ordea, frontoira joan zaretenok jabetuko zineten, izan da gorabeherarik. Uzta urte benetan eskasa izan da aurtengoa babarrunari dagokionean eta zortzi ekoizle baino ez dira lehiatu txapelketan. Aipatzekoa da halere, azken urteotan beherakada nabarmena izan da parte hartzaile kopuruan. Iaz 15 izan ziren, 17 2019. urtean, 27 2018. urtean, baina denboran are gehiago atzera eginda, 2010. urtean 50 ekoizle lehiatu ziren. 2017. urtera arte, hortxe 40-50 parte hartzaile erakarri izan ditu babarrun txapelketak. Gaurkoan zortzi baino ez.

Sagardoari dagokionez, Usurbilgo 21 ekoizle lehiatu dira, iaz baino zazpi gehiago. 2006. urtean jo zuen goia parte hartzeak txapelketa honetan; orduko hartan 22 lehiakide batu zituen txapelketak. Bat gutxiago aurten. Kasu honetan, etxerako sagardoa egiteko ohiturari eusten zaio herri honetan, baita gazteen artean ere.


San Tomas Azokako txapelketak
Babarrun txapelketa
-Sarituak:
1. Aldapa baserria. 150 euro eta txapela.
2. Zugasti baserria. 90 euro eta kopa.
3. Portu baserria. 50 euro.

-Parte hartzaileak: guztira zortzi. Portu baserria, Aldapa baserria, Galdagorri baserria, Zugasti baserria, Agerre Txiki baserria, Mikel Manterola, Ibindos baserria eta Agerreazpi baserria.
-Epaimahaia: Tolosako babarrun elkarteko kideak eta Oxkar Santamaria udal zinegotzi eta babarrun ekoizlea.

Sagardo txapelketa
-Sarituak:
1. Etxetxo baserria. 150 euro eta txapela.
2. Zugasti baserria. 90 euro eta kopa.
3. Troya baserria. 50 euro.

-Parte hartzaileak: 21 guztira. Jon Mikel Larrañaga, Etxetxo baserria, Izeta anaiak, Koldo Lertxundi, Aldapa baserria, Gorostidi baserria, Ibindos baserria, Zugasti baserria, Lizaso anaiak, Agerre Txiki, Egiluze Haundi, Teresaenean etxea, Belmonte 14 Kalezar, Troya baserria, Xabier Linazasoro, Imanol Eizagirre, Aritz Zabaleta, Zumitza baserria, Kupela Kupela Taldea, Agerrazpi baserria, Txantxon baserria.
-Epaimahaia: Santueneko Ibai-ondo elkarteko ordezkaria, Urdaira sagardotegiko ordezkaria, Mahaspildegi elkarteko ordezkaria eta Sagardo Egunaren Lagunak taldeko ordezkariak.

Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.