San Tomas Azoka

"Gaurkoan Maria Angeles izan da baina bihar beste edozein izan daiteke"

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 18a, 16:18

Ametsgaiztoa amaitu berritan, Maria Angeles Otaegi herrikidearen egoera bideratu ostean, berari babesa adierazi eta etxekaleratzeen aurkako elkarretaratzea egin dute eguerdian, San Tomas azokaren baitan.

Azken egunotan jakin denez, amaitu da Maria Angeles Otaegi herrikidearen ametsgaiztoa eta bizitzen ari zen bidegabekeria. Enkante bidean jarri zioten bere bizilekua, baina etxeak zuen zorra kitatu dio herrikide batek. Pisua erosi egin dio eta 80 urteko emakumeari usufruktuan utzi bera bizi den artean.

Maria Angelesen egoera bidegabea amaitu da bai, baina adi egoteko deia egin du bera babestu eta etxekaleratzeen aurka azken hilabeteotan Usurbilen osatu den herri bilguneak. Igande honetan frontoian ospatu den San Tomas azokaren baitan, elkarretaratzea deitu du Dema plazan. "Herri bilgune honetatik adierazi nahi dugu hau ez dela hemen bukatzen eta gaurkoan Maria Angeles izan dela baina bihar beste edozein izan daitekeela", ohartarazi dute. 

Gertatuko balitz, aurre egiteko prestasuna adierazi dute Maria Angelesen kasuarekin egin duten moduan. "Herri honek ezaugarri nagusi bat baldin badu herri elkartasuna da eta beste behin ere erakutsi dugu bidegabekerien aurrean ez dugula etsiko eta ogi gogorrari hagin zorrotzak erakutsiko dizkiogula".

Hainbat herritarrek bat egin dute, "etxekaleratzeen aurrean herri elkartasuna. Putre-funtsik ez!" aldarripean egin duten elkarretaratzearekin. Maria Angeles bera hitzorduan izan da.

Maria Angeles etxean geratuko da
Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak urriaren 10ean ezagutzera eman zuen Maria Angeles herritarraren kasua; etxegabetze arriskuari lotutako kasu baten aurrean aurkitzen ginen. Herri elkartasuna adieraziz, bidegabekeria honen aurrean injustizia hau salatzeko eta Maria Angeles bere etxean geratzeko asmoz kolektibo bat sortzeko erabakia hartu genuen.

Hasieratik garbi izan dugu etxegabetze hau ez genuela onartuko eta helburua Maria Angeles bere etxean bizitzen jarraitzea zela. Horretarako bide juridiko guztiak aztertu ditugu, mobilizazioak antolatu ditugu eta ekonomikoki aurreikusten genuen zorra kitatzeko ekimen desberdinak irudikatu ditugu.

Baina azkenean dakizuen moduan, epaileak etxea enkantetik atera eta zorra ordaintzeko aukera eman du. Zorra usurbildar anonimo batek kitatu du, etxebizitza erosiz eta Maria Angelesi utziz usufruktuan, bizi den bitartean.

Honen harira, herri bilgune honetatik adierazi nahi dugu hau ez dela hemen bukatzen eta gaurkoan Maria Angeles izan dela baina bihar beste edozein izan daitekeela. Herri honek ezaugarri nagusi bat baldin badu herri elkartasuna da eta beste behin ere erakutsi dugu bidegabekerien aurrean ez dugula etsiko eta ogi gogorrari hagin zorrotzak erakutsiko dizkiogula.

Etxegabetze eta kaleratzerik ez!

Elkartasuna M.Angelesekin herri bilgunea